Mugikortasun Jasangarriaren Sailak urriaren 8an jarriko du zerbitzuan Anoetako bigarren ataria
- “Terminalaren ahalmena optimizatu nahi dugu, fluxuak hobetuta”, azaldu du García Chueca sailburuak
- Atari berria ireki ondoren, zaharraren eraberritzea hasiko da
Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren Sailak ostiral honetan iragarri duenez, Topoak Anoetako geltokian azaleran duen bigarren ataria urriaren 8an jarriko da zerbitzuan. Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak instalazioak bisitatu ditu, Miguel Ángel Páez Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuordearekin, Antonio López Euskal Trenbide Sareko (ETS) zuzendari nagusiarekin eta Yon Pérez Euskotreneko zuzendari nagusiaren albokoarekin batera. Obra-arduradunak gidatuta, bertaratutakoak ETS gaur egun instalazio elektrikoetako azken lanak egiten ari den atari berrian eta lurpean luzatu den nasa-tartean ibili dira.
Atari berrian balioztapen-makinak eta txartelak saltzeko makinak instalatzen ari dira, bai eta eskailerekin batera nasetara sartzeko aukera emango duten igogailuak probatzen ere. Obrak konplexuak izan dira, ohiko trenbide-zerbitzuarekin batera egin behar izan direlako, erabiltzaileen mugikortasuna bermatzeko. Sarrerako atariak beirazko fatxada eta sarrerako eremuan hegalkin gisa luzatzen den hormigoizko estalkia ditu erabiltzaileak babesteko. Kanpoko estaldura harriaren antzeko itxura duen baina guztiz birziklagarria eta bandalismoaren aurkako materialez eginda dagoen formatu handiko baldosek osatzen dute; horrela, Mugikortasun Jasangarriaren Sailak ekonomia zirkularra sustatzeko eta mantentze-kostuak murrizteko duen interesari erantzuten zaio.
Atari berria eta zaharra batera egongo dira zabalik urriaren 12ra arte (astelehena), egun hori barne. Asteartetik aurrera, zaharra itxi egingo da, sakon berritzeko beharrezkoak diren aurretiazko lanak eta desmuntatze-lanak egiteko. Obren fase berri horretan atari zaharra itxita egongo da, Real Sociedad taldeak jokatzen duenean edo inguruan jende asko erakartzen duten ekitaldiak antolatzen direnean izan ezik. Kasu horietan, terminal zaharra ekitaldia baino bi ordu lehenago irekiko da, eta ekitaldia amaitu eta bi ordu geroago arte egongo da zabalik.
Testuinguru horretan, Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak nabarmendu duenez, “hain zuzen ere, obra honen helburu nagusia partidetan eta ekitaldietan jendearen joan-etorria erraztea da, Anoetara joaten diren herritarren segurtasun- eta erosotasun-baldintzak hobetuta”. Izan ere, Anoeta da Topoaren erabiltzaile gehien dituen bigarren geltokia, iaz ia 3.000.000 baliogabetze izan baitzituen, “eta atari berriak 400 metro karratuko azalera du, egungoaren 380ez gain”, gogorarazi du.
Bi atarien erabilera bateratua partida eta ekitaldi handien egunetan
Real Sociedad taldearen partidetara eta ekitaldi handietara joateko Topoa erabiltzen dutenek gizonezkoen lehen taldeak urriaren 11n jokatuko duen partidatik aurrera martxan jarriko den mugitzeko modu berria izango dute.
Partida amaitzean hartu nahi duten trenaren norabidearen arabera, hau izan beharko dute kontuan:
• Topoa Hendaia aldera hartu nahi dutenek atari berriko atetik sartu beharko dute nasetara; partiden irteeretan, atari hori lurraldearen ekialdera doazenentzat soilik egongo da erreserbatuta.
• Lasarte-Oriarako trenetara sartu nahi dutenek atari zaharraren sarrera nagusitik sartu beharko dute nasetara.
• Zumaia aldera doazen unitateak hartzen dituzten erabiltzaileek Gasca aldeko sarbidea izango dute.
Dinamika horrek aldatu gabe jarraituko du hemendik aurrera partida-egun guztietan eta ekitaldi handiak, kontzertuak, besteak beste, daudenetan.
Inguruko hiri-berroneratzea
Egindako lanen artean, sarbide berriak oinplanoan hartzen duen lekua konpentsatzeko herritarrentzako espazioak irabazi zaizkio ibilgailu-trafikoari, Urumeako saihesbidea martxan jartzeak eremuan ekarri duen trafiko-murrizketa aprobetxatuta. Horren ondorioz, ETSren obretan ohikoa den hiri-berroneratzeko jarduketa garrantzitsua egin da inguruan, estadioaren aurreko oinezkoentzako azalera zaintzeari eta, trenbide-mugikortasunaz gain, mugikortasun aktiboa sustatzeari lotuta.
Horretarako, lanen lehen faseetan inguruko bideak Donostiako Udalak trafikoaren arloan ezarritako irizpideen arabera erabat berrantolatu behar izan ziren, Aita Donostia biribilgune zaharra barne. Etapa horren ondoren, eragindako zerbitzuak desbideratu ziren, hau da, lurpean zeuden hornidura elektriko-, telefono- eta ur-hodiak, nasetarako sarbide berriaren pantailak (hormak) egin aurretik.
Prozesu horren ondoren, estaldura-lauza eraiki zen, eta tunel zaharreko pantailak eraitsi ziren, trenbideko zirkulazioak eten gabe. Espazioa guztiz egokitu ondoren, nasetara sartzeko eskailerak eta eraikinaren egitura eraikitzen hasi ziren. Altzariak eta argiztapena ere ordeztu dira, segurtasun eta garbitasun handiagoa transmititzeko. Edikulua eraikitzeaz gain, lehendik zeuden nasak luzatu egin dira eta beirazko babesa jarri zaie, trenbidera erorketarik izan ez dadin.
Trenbide arloko ikuspegitik, azpiegitura berria bat dator “Altza-Galtzaraborda tartea duela gutxi irekita eta, azaroaren 21ean, Donostiako erdigunean Topoaren igarobidea irekita Gipuzkoak bizi izango duen garraio-iraultzarekin”, azpimarratu du sailburuak. “Azken batean, kontua herritarrak garraio publikoa hartzera eta autoa etxean uztera animatuko dituzten azpiegitura lehiakorrak eta eraginkorrak eraikitzea da”, gaineratu du.