Euskotrenen Ingurumen Politikak ingurumen-ikuspegi estrategikoaren hedapenaren erreferentziazko esparrua ezartzen du, herritarren egungo eta etorkizuneko bizitza zaintzeko helburuarekin. Horretarako, aire-, ur- eta lurzoru-ingurune garbiak eta osasungarriak bermatzen ditu, baliabide naturalak modu arduratsuan kudeatuta eta sortutako hondakinak behar bezala kudeatuta. Hala, asmoa da klima-aldaketan eragina mugatzea, biodibertsitatearen babesa eta sistema ekologikoen funtzionalitatea ahalbidetuta.
2021ean, Euskotrenek 966.925 euroko gastua egin zuen ingurumen-arloan (939.246 euro 2020an). Gastu horiek bere jarduerak ingurumenean eragiten duen kaltea prebenitzeko eta murrizteko egin ziren, bai eta erakundeak borondatez bere gain hartutako ingurumen-konpromisoetatik eratorritako jarduerak gauzatzeko ere.
Euskotrenek bere ondarean zenbait elementu eta neurri sartu ditu, aurrezteko eta baliabideak modu efizientean erabiltzeko. Horretarako, energia-efizientziako neurriak ezarri ditu (besteak beste, argiztapen-sistemak modernizatzea eta Zumaiako instalazioetako auto-garbigunean hobekuntzak egitea) eta energia berriztagarriak sustatu ditu (hala nola furgoneta elektriko bat erostea).
Era berean, produktuak biltegiratzeko eta ihesak automatikoki hautemateko ekipoak jarri dira, bai eta hondakinak prebenitzeko eta birziklatzeko neurriak ere. Horien xedea da erakundearen jarduera gauzatzean ingurunea babesten eta hobetzen laguntzea.
Horrez gain, honako hauen erosketa adjudikatu zen: teknologia hibridoko bi autobus, bi autobus eta bi mikrobus elektriko, eta ibilgailuentzako isuriei buruzko Euro VI araua betetzen duten lau autobus. Era berean, petroliotik eratorritako erregaiak ordezkatzea bultzatu da, berotegi-efektuko gasak eta atmosferara isurtzen diren zenbait kutsatzaile saihesteko edo, hala badagokio, murrizteko, eta, horrela, tokiko airearen kalitatea hobetzeko.
Gainera, alta eman zaio 600 serieko azken tranbia-unitateari. Serie horretako unitateek honako hauek dituzte: energia-efizientziarako hobekuntza teknikoak, kanpoko argitasunaren arabera erregulatu egin daitekeen argiztapen-sistema eta unitateak erabiltzen ez direnean “gau-modura” automatikoki igarotzen den sistema bat. Horiei esker, kontrolatu eta murriztu egiten dira kontsumoa eta negutegi-efektuko gasen isuriak.
Euskotrenen definitutako ingurumen-gastuak ingurumena babesteko eta hobetzeko zeinbat jarduera biltzen ditu: hondakinak tratatzea eta kudeatzea; isurtzen diren uren parametroak kontrolatzea; ingurumena kudeatzea; ingurumen-auditoretzak egitea; ekipoak mantentzea (ingurumenean eragina duten ekipoak eta instalazioak); eta kutsadura prebenitzeko neurriak hartzea (autobabes-planak eta ihesak eta isuriak prebenitzeko neurriak).
2021eko inbertsio-programan Ibaiondoko (Vitoria-Gasteiz) instalazioetan energia-efizientziako neurriak ezartzea jaso zen. Ibaiondoko obrak 2021eko abenduan hasi eta 2022ko urtarrilean amaitu ziren.
Bestalde, Euskotren 2021-2024 Ingurumena Kudeatzeko Planak aldi horretarako ingurumen-jardueraren plangintza egiten du.Plan berri honek kudeaketa energetikoaren, ekonomia zirkularraren eta ingurumen¬kudeaketaren erronkak ditu ardatz, helburu estrategiko bakarra lortze aldera: “karbono gutxikoa eta baliabideen erabileran eraginkorra den jardueraren garapenerantz aurrera egitea”.
lngurumen-kudeaketaren hedapena etengabeko hobekuntzaren ikuspegitik gauzatzen da, lngurumena Kudeatzeko Sistemei buruzko UNE-EN-ISO 14001:2015 arauan ezarritako irizpideen arabera. Arau hori ezarrita dago erakundean, eta Lutxanako, Leioako, Zumaiako, Elgoibarko kotxetegietako, Atxuriko eta Gasteizko instalazioetako tren-, tranbia- eta autobus-erabiltzaileak garraiatzeko jardueretan betetzen dela ziurtatuta dago.