Mugikortasun Jasangarriaren Sailak datorren azaroaren 21ean jarriko du abian Topo berria Donostiako erdialdetik
- Euskotren aste honetan hasi da makinistak trebatzen, eta lurpeko pasabidea zerbitzuan jarri aurreko azken urratsa da
- Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak nabarmendu du Topo berria “Donostiak eta Gipuzkoak datozen hamarkadetarako merezi duten mailan” egongo dela
Euskotren, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren mende dagoen sozietate publikoa, aste honetan hasi da Topo berria Donostiako lurpeko pasabidetik gidatuko duten 180 makinistak trebatzen. Euskal Trenbide Sareak gauzatutako 4,2 kilometroko zati berri horrek, Amara, Kontxa-Erdialdea eta Bentaberri geltokien artean igarotzen denak, hiriaren erdialdea lurpetik zeharkatzen du. Zerbitzuan jarri aurreko azken urratsa da, eta Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak gaur goizean Bentaberriko geltokian jakitera eman duenez, “dena aurreikusita bezala badoa, donostiarrek eta gipuzkoarrek datorren azaroaren 21ean estreinatuko dute Topo berria. Zerbitzu publiko horrek metroaren maiztasunak izango ditu, zazpi minutu eta erdiz behin, eta ziur nago Donostiak eta Gipuzkoak datozen hamarkadetara begiratzeko merezi dutenaren mailan egongo dela”.
García Chuecak gogoratu du Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bidez, osorik finantzatu eta gauzatu duen azpiegitura berria azken ukitu arkitektonikoak ematen eta instalazioekin eta Artzain Onaren ingurua urbanizatzearekin lotutako lanak egiten ari dela. Gainazaleko lan horiei buruz, “Topoak iraultza ekarriko du lurpeko trenbidera, baina baita kalera ere”, esan du sailburuak. Horrela, hiriko erdialdeko hainbat kaletan dagoeneko ikusten diren hiri-hobekuntzak eta Amarako trenbide-zabaltzan liberatuko den azalera ekarri ditu gogora, eta Zaragoza plaza urbanizatzeko lanen lizitazioa iragarri du, 1,4 milioi euroko aurrekontuarekin eta sei hilabeteko gauzatze-epearekin.
Aldi berean, Euskotreneko gidari profesionalak, Amarako lur gaineko geltokian zaku-hondoa, gaur egun trenek errebotatzen duten lekua, kendu duen bi bideko sare honetan jardungo dutenak, trebatzen ari dira. Zirkulazio horietan garatuko den trebakuntzaren, ibilaldi zuriak deitzen direnen, helburua da tren barruan erreplikatzea trenbide-zerbitzu publiko berria izango dena, baina bidaiaririk gabe, makinistek zati berriaren ezaugarriak benetakoen ahalik eta baldintza antzekoenetan esperimentatu ahal izan ditzaten. Prozesu hori datozen asteotan gauzatuko da, gaur egun Amarako lur gaineko geltokian amaitzen den zerbitzuarekin bateratu behar baita.
Sailburuak gogoratu du hiru geltoki berriak eta horiek lotzen dituen ibilbideak (Amara, Donostia erdialdea eta Antiguo auzoa) ahalbidetuko duela Topoak geltoki gehiago, maiztasun hobeak (Pasaia eta Añorga artean 7,5 minutu) eta, gaur egun Amaran egiten den trenen erreboterik gabe, sare jarraitu eta eraginkorragoa izatea. “Topo berriak geltoki modernoagoak, jende guztiarentzat irisgarriagoak eta zerbitzu eraginkorra eta fidagarria izango ditu”, erantsi du.
Gainera, joan den uztailaren 18an kendu zen Altzan zegoen beste zaku-hondoa, Altza eta Galtzaraborda (Errenteria) arteko trenbide-saihesbide berria abian jarrita eta Pasai Antxoko lurpeko geltoki berria inauguratuta.