Vitoria-Gasteizko tranbiak Legebiltzarra eta Angulema arteko zerbitzua etengo du 10etik irailaren 6ra
• Mozketa ETSk Alaba Jenerala eta Independentzia kaleetan egingo dituen urbanizazio lanen ondorio da.
Euskotrenek eten egingo du Vitoria-Gasteizko tranbiaren zerbitzua Legebiltzarreko eta Angulemako geltokien artean, datorren astelehenetik, hilak 10, aurrera eta irailaren 6ra arte. Gainerako lineetako zerbitzua normaltasunez egingo da, eta bi geralekuak amaierako geralekuak izango dira. Etenaldi horren arrazoia ETSk Alaba Jenerala eta Independentzia kaleetan egingo dituen urbanizazio-lanak dira, horietatik igarotzen baita hiriko tranbiaren enbor komuna.
Iragarrita zegoen bezala, Andre Maria Zuriaren jaien ondoren, hiriko jarduerak behera egiten duenean, ETSk lan garrantzitsuenei ekingo die Alaba Jenerala eta Independentzia tranbia-plataforman. Zerbitzua irailaren hasieran hasiko dela aurreikusten da, ikastetxe gehienak jarduerara itzultzen direnean. Hala ere, eguraldiak laguntzen badu, Euskotren eta ETS tranbiaren zerbitzua aurreratzen saiatuko dira.
Lanak Udalarekin lortutako akordioaren emaitza dira, garraiobide publiko eta pribatuen arteko integrazioa hobetu ahal izateko erdiguneko merkataritza-arterian. Ildo horretan, aurreikusitako jarduketaren barruan sartzen da laneko eremu osoan zoladura homogeneo bat jartzea. Era berean, bi trenbideen zati bat berrituko da Independentzia, Araba Jenerala eta Foruak kaleek bat egiten duten tokian, eta 20 kutxatila inguru konponduko dira.
Irailetik aurrera, tranbia-zerbitzua berrezarri ondoren, lanak tranbia-plataformaren eta espaloien arteko eremu mugakidean egingo dira, obrak urte amaierara arte luzatuko baitira. Ildo horretan, ETS saiatuko da inguruko egoiliarrei eta saltokiei ahalik eta gutxien eragiten.