Euskotrenek ekainaren 22tik aurrera trenbide, metroa eta Bilboko tranbia linea guztietan udako ordutegia eskainiko du
- Tren zerbitzu erregularra indartuko da kostaldeko herrietara joateko beharrei erantzuteko
- Bilboko tranbia 15 minuturo ibiliko da udan
Euskotrenek, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Iraunkorreko Sailaren mendeko sozietate publikoak, astelehenean, ekainaren 22an udako ordutegia jarriko du abian, bere trenbide (E1, E2, E3, E4 eta E5) eta metro (L3) linea guztietan. Egun berean, Bilboko tranbiaren ordutegia ere aldatuko da, 15 minutuan behin bi noranzkoetan ibiliko baita.
Uda iristearekin batera, Euskotrenek bere eskaintza egokitzen du udako beharrak asetzeko. Horrela, trenen zerbitzu erregularra indartu egingo da hondartzak dituzten kostaldeko herrietara joan-etorriak errazteko: Debabarrenean trenen eskaintza handitu da, Debako hondartzarako sarbidea errazteko, eta asteburuetan eta jaiegunetan Urdaibairako (Bilbo-Bermeo zerbitzua), Kostalderako (Donostia-Zumaia) eta Toporako (Irun/Amara eta Altza/Amara) zerbitzuak ere indartu dira. Topoaren kasuan, uztailaren 18tik aurrera, Altza-Galtzaraborda tartea irekiko denez, trenen zerbitzuan beharrezko doikuntzak egingo dira.
Usansoloko geltokiaren eta Ospitalearen arteko tren-bus zerbitzuaren ordutegia ere aldatuko da, eta autobusen irteerak eta iritsierak trenak igarotzeko orduan egokituko dira.
Euskotrenek trenez joan behar dutenei ordutegiak aldez aurretik kontsultatzeko gomendatzen die, bai APP ofizialean, bai www.euskotren.eus webgunearen bilatzailean.
Informazio gehiagorako, erabiltzaileak Euskotreneko langileek zerbitzatzen dituzten geltokietara joan daitezke eta 944 333 333 telefono zenbakira deitu.