Euskotreneko administrazio kontseiluak irailaren 1etik aurrera bere zerbitzuetan %50eko deskontua onartu du
Euskotreneko Administrazio Kontseiluak, gaur asteazkenean bilduta, tren, tranbia eta funikular zerbitzuetan %50eko deskontua ezartzea onartu du irailaren 1etik aurrera, Espainiako Gobernuak Ukrainako gerraren krisiari eta prezioen gorakadari aurre egiteko garraio publikoaren hobariak arautzen dituen errege lege-dekretua betez.
Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu eta Euskotreneko presidenteak azaldu zuenez, onarpen horrekin "aurrerapauso garrantzitsua ematen da herritarrek urteko azken lauhilekoaren artean bidaietan %50eko murrizketa izan dezaten lortzeko; neurri sozial eta ekologikoa da, herritar guztiei mesede egingo diena, batez ere klase ertainei eta langileei, eta garraio publikoa sustatzera, ibilgailu pribatuari pizgarriak kentzera eta, horrekin batera, CO2 emisioak murriztera bideratuta dago”.
Euskotrenen zerbitzuek tarifen gehieneko hobaria aplikatuko dute, eta errege-dekretuak jasotzen dituen zuzeneko laguntzak bere gain hartuko dituzte Eusko Jaurlaritzak bere aurrekontuen kargura emango dituen %30eko eta %20ko deskontuak aplikatzen dituzten erakundeentzat.
Tarifen aldi baterako hobaria Euskotrenek erabiltzen dituen garraiobide hauetan aplikatuko da:
• Trenbideko bost lineak (E1, E2. E3. E4, E5)
• Bilboko metroaren 3. Linea.
• Bilboko eta Gasteizko tranbiak.
• Larreinetako funikularra.
Deskontua automatikoki aplikatuko da Barik, Bat eta Mugi kontakturik gabeko txartelen bidez, baina Larreinetako funikularraren hileko bonoak eta Kukullagako igogailuaren Bono 10ak ere %50eko hobaria izango dute (nahiz eta txartelik gabe erosi).