Atxurin (Bilbo) Euskotrenen 40. urteurrenari buruzko aldi baterako erakusketa

Entradilla

Atxurin (Bilbo) Euskotrenen 40. urteurrenari buruzko aldi baterako erakusketa

Body

Euskotrenek aldi baterako erakusketa bat antolatu du Bilboko Atxuri geltokian, sozietate publikoaren ibilbidea errepasatu eta herritarrei garraio publikoaren bilakaeran garrantzi historiko handia duten elementuak hurbiltzeko (altzariak, ibilbideko kartelak, erlojuak, farolak eta telefono eramangarri zaharrak, maketak, etab.).

1982ko maiatzaren 24an, Eusko Jaurlaritzak sozietate publiko berri bat sortzea onartu zuen: Eusko Trenbideak/Ferrocarriles Vascos, S.A., 1978 eta 1979 artean administrazio zentralak transferitutako zabalera metrikoko trenbideen kudeaketa errazteko. Maiatzean, beraz, 40 urte bete dira lau hamarkadatan zehar Euskotren Euskadiko erreferentziako garraio-operadore bihurtu duen lehen bultzada publikoa eman zenetik. 

Euskotrenen historia errepasatzeaz gain, erakusketan garraio publikoaren bilakaeran garrantzi historiko handia duten elementuak ere ikus daitezke: “Geltokiko buruaren” altzari multzo bat, ibilbideko kartelak, erlojuak, farolak eta telefono eramangarri zaharrak, ohiko eltzea edo trenbide-putxera, material mugikorraren maketa desberdinak… 

Erakusketa doan bisitatu ahal izango da urtea amaitu arte. Ordutegia honako hau izango da: astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara, eta asteburu eta jaiegunetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. 

Egia esan, Euskotrenek gaur egun sozietate publiko gisa berrogei urte betetzen baditu ere, aurrekariak 1882an hasi ziren, orduan ireki baitzen bere linearik zaharrena: Bilbotik Durangorako trenbidea. 

140 urteko historian, trenbideak ondare aberatsa sortu du Euskadin, eta Euskotrenek beti jakin izan du ondare hori baloratzen. Horrela, 1994an bere Burdinbidearen Euskal Museoa inauguratu zuen, Azpeitiko (Gipuzkoa) geltoki zaharrean egoitza duena, non Europako trenbide estuko material mugikorreko bilduma garrantzitsuenetako bat bildu den.