Metro Bilbaoren 3. lineak 22 milioi lekualdatzetik gora izan ditu bere lehenengo 5 urteetan

Entradilla

Metro Bilbaoren 3. lineak 22 milioi lekualdatzetik gora izan ditu bere lehenengo 5 urteetan 

Body

Metro Bilbaoren 3. linea Euskotrenek (Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko sozietate publikoa) kudeatzen du, eta 2017ko apirilaren 8an martxan jarri zenetik, 22 milioi lekualdatze baino gehiago erregistratu dira. Lehendabiziko urtean, apiriletik abendura, 3,2 milioi lekualdatzetik gora egin ziren, eta lehendabiziko ekitaldi osoan, 2018an, 5 milioiko muga gainditu zuen. Are gehiago, 3. linearen erabilera 2019an areagotu egin zen; zehazki, % 6ko areagotzea izan zuen, 5,3 milioi bidaietara iritsi zelarik. 

2020. urtean, pandemiaren hasierarekin batera, ordea, zerbitzuaren erabileraren goranzko joera eten egin zen. Beste sektore askorekin eta garraio publikoarekin gertatu zen moduan, osasun-egoerak eta COVID-19aren hedapena galarazteko mugikortasunean aplikatutako mugapenek Metro Bilbaoren 3. linearen jarduerari eragin zioten. Urtearen amaieran, jaitsiera nabarmena erregistratu zen lekualdatzeetan (3,5 milioi). 2021. urtean, oraindik ere pandemiaren bilakaeraren baldintzapean, datuak hobetzen hasi ziren, eta berreskuratze-joera hori 2022. urteko lehen hilabeteetan sendotzen ari da; izan ere, 2019ko datuetatik gertu dabiltza.


BOST URTEETAKO LEKUALDATZEEN DATUAK

- 2017 (1): 3.270.684 
- 2018: 5.037.321
- 2019: 5.334.446
- 2020: 3.534.756
- 2021: 4.184.286
- 2022 (2): 761.696

(1) Apiriletik abendura bitarteko datuak // (2) Urtarril-otsaileko datuak


Une honetan, Kukullaga-Etxebarri / Matiko zatian edukieraren % 100ean zirkulatzen da eta zerbitzu guztiak daude operatibo. Horren helburua da jende-pilaketak saihesten saiatzea eta herritarren lekualdatzeak ahalik eta modurik seguruenean egin daitezela lortzea. 3. lineak erabat berreskuratu du ostiral eta larunbatetako eguneko eta gaueko zerbitzua. 

Zerbitzu erregularrez gain, bost urte hauetan zerbitzu bereziak ere jarri dira hainbat ekitaldirako (Athleticen partiduak San Mamesen, Bilboko Aste Nagusia, Inauteriak eta kontzertuak BECen). 

3. lineako geltokien erabilera espezifikoari dagokionez, Casco Viejo/Zazpikaleak izan da geltoki erabiliena; izan ere, erregistratutako bidaien erdia baino gehiago hartu ditu (% 51). Bost urte hauetan, erabilera-sailkapena egonkor mantendu da: Zazpikaleak zerrendaburu; jarraian Otxarkoaga eta Uribarri; Txurdinagak eta Zurbaranbarrik laugarren eta bosgarren lekuak elkarrekin aldatu dituzte; ondoren Matiko; eta, azkenik, Kukullaga-Etxebarri.

Bestetik, erabiltzaileek gehien erabili duten ordainketa-modua, hasieratik, kontakturik gabeko txartela izan da, bai diru-zorro bertsioan bai aldi baterako tituluen bidez. Gaur egun, bidaien % 5 besterik ez da egiten aldi baterako noizbehinkako tituluekin. Gainera, zifra hori progresiboki jaisten joan da urteetan zehar (2018an bidaien % 6,7 egin ziren noizbehinkako tituluekin).