Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Udalaren laguntzaz, Trapagaranen eta Zugaztietaren artean mugikortasun jasangarria bultzatuko du funikularra erreferentziatzat hartuta

Entradilla

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Udalaren laguntzaz, Trapagaranen eta Zugaztietaren artean mugikortasun jasangarria bultzatuko du funikularra erreferentziatzat hartuta 

Body

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila eta Euskotren sozietate publikoa lanean ari dira Trapagaran-Zugaztieta tartean mugikortasun jasangarria bultzatzeko, dibulgazioko kultur ekintzak barne, eta zeregin horretan Larreinetako funikularra erreferentziazko ardatz nagusi bihurtuko da. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailaren eta Trapagarango Udalaren laguntza dute.  


Lankidetza horren ondorioz, parte hartuko duten hiru erakunde publikoek lagunduko dute, batetik, Larreinetako funikularrari dagozkion Euskotrenen instalazioetan erakusketa iraunkorra sortzen, garraiobidearen beraren (funikularrak dagoeneko kultur ondasunaren kalifikazioa du, monumentu multzoaren kategorian) eta ibarreko meatzaritzaren historia orokorrean hedatzeko. 


Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera (Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saila), Eusko Jaurlaritzak eta Euskotrenek lan egingo dute Trapagaran-Zugaztieta tartea garraio jasangarriko bektore bihurtzeko, zero igorpenekin.  La Escontrillaren eta Zugaztietaren artean karbonorik gabeko gune handia, zero igorpenekoa eta mugikortasun jasangarrikoa sortu nahian lanean ari da, eta, horretarako, Euskotren sozietate publikoak esku hartuko du, garraio multimodaleko (trena, tranbia, metroa, funikularra eta autobusa) enpresa operadorea baita.


Ibarreko historia (meatzaritza eta funikularra) orokorrean zabaltzea 


Ibarreko historia orokorrean zabaltzeko, honako jarduketa hauek gauzatuko dira: 


- Larreinetako funikularraren kutxa historikoa birgaitzea eta Larreinetan erakusketa-eremu iraunkorrean txertatzea, bisitatu ahal izateko. Burdinbidearen Euskal Museoarena da, eta Euskotrenek kudeatzen du. 


- Funikularraren historia eta funikularraren eta ibarreko meategien arteko harremanaren berri emateko ikus-entzunezkoen baliabideak egitea. Era berean, Trapagarango langile-mugimenduaren eta meategien historiari buruzko ikus-entzunezkoen baliabideak erakutsiko dira. 


- Ikastetxeetako ikasle taldeekin jarduerak gauzatzea eta intereseko puntuak bisitatzeko aipatzea (Zugaztieta, Peñas Negras interpretazio-zentroa, etab.). 


Larreinetako funikularra Bizkaiko Foru Aldundiak eraiki zuen 1921eko martxoaren 11n Sustapen Ministerioak bere aldeko emakida egin ondoren, eta 1926ko irailaren 25ean inauguratu zen. 95 urtetik gorako bizitzan, funikularraren helburua izan da langileak meategietara igotzea eta burdin mea Zugaztietako ustiategitik fabriketaraino garraiatzea. Horrez gain, uztailaren 15eko 150/2014 Dekretua dela bide, kultur ondasunaren kalifikazioa du monumentu multzoaren kategorian.  


Meatzaritzari esker, Trapagaran (Zugaztieta) industria-garapenaren kokagune izan da, bai eta langile-mugimendua garatzeko gune garrantzitsu ere. 


Trapagaran-Zugaztieta tartean mugikortasun jasangarria bultzatzea 


Eusko Jaurlaritzak eta Euskotrenek, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailaren laguntzaz, helburu dute Trapagaran-Zugaztieta tartean mugikortasun jasangarria bultzatzea, besteak beste, hurrengo jarduketa hauen bitartez: 


• Trapagaran udalerrian Larreinetako funikularraren eta Zugaztietaren arteko konexioa bus elektrikoarekin egingo da. Gaur egun, Euskotrenek kudeatzen du puntu horretan funikularraren zerbitzua eta goiko geltokia nahiz Zugaztieta elkartzeko autobusa. 


• Funikularraren bi geltokietan (Larreineta eta La Escontrilla) bizikletak doitzeko eta mantentzeko puntuak kokatzea. Puntuek argia, ura eta erremintak izango dituzte. 


Beraz, bi erakundeek lagunduko dute Euskotrenen Larreinetako funikularra eta etorkizuneko Bizkaiko Bizikleta Publikoaren Zerbitzua konektatzen. Zerbitzu hori 2022ko Kontratazioen Urteko Planean aurreikusia dago, eta are gehiago eragingo du Bizkaiko Lurralde Historikoan garraiobide jasangarriak sustatzeko orduan, CO2-rekin kutsatu edo hiriko nahiz hirien arteko trafikoa pilatzen duten bestelakoen aldean. 

Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, Aldundiaren eta Udalaren laguntzaz, eta Eusko Trenbideak-Ferrocarriles Vascos SA/Euskotren sortu zenetik 40. urteurrena beteko den ekitaldian (zehazki 2022ko maiatzaren amaieran) gauzatuko da.