Topoaren zerbitzua larunbat honetan abiatuko da, eta trenen noranzkoa aldatu egingo da; guztiak ezkerretik ibiliko dira Lasarte-Oria eta Hendaia artean

Entradilla

Topoaren zerbitzua larunbat honetan abiatuko da, eta trenen noranzkoa aldatu egingo da; guztiak ezkerretik ibiliko dira Lasarte-Oria eta Hendaia artean

Body

- Amarako zaku-hondoa kentzean, Pasaia eta Anoeta arteko zirkulazioaren noranzkoa aldatu egingo da, eta bidaiariek egungoaren kontrako nasara jo beharko dute ohiko trena hartzeko

- Ostiraletik larunbaterako gauean egingo dute Gipuzkoako hiriburuko ibilbide berriaren eta lehendik dagoen bidearen arteko lotura

Imanol Pradales Lehendakariak eta Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak Donostiako trenbide-pasantearen obraren aurrerapenak egiaztatu dituzte gaur —azken fasean daude jada—, Topo berriaren zerbitzua laster irekiko baita. Trenak larunbat honetan, azaroaren 21ean, jarriko dira martxan, eta 4,2 kilometroak eta lurpeko hiru geltoki berriak zeharkatuko dituzte –Amara, Bentaberri eta Kontxa-Zentroa–, guztiak ere Gipuzkoako hiriburuan. Egun horretan bertan Amarako azaleko geltokiko egungo zaku-hondoa kenduta, Topoaren zirkulazioaren noranzkoa aldatu egingo da Donostialdean dauden sei geltokitan.

Lehendakariak adierazi du larunbatetik aurrera jendeak egiaztatu ahal izango duela, tokian bertan, Topo berriak ekarriko duen benetako jauzi kualitatiboa. "Hain zuzen ere, benetan nabarituko den momentua iritsi da: eguneroko bizitzan". Hala, Lehendakariak nabarmendu duenez, "hori guztia ez zen posible izango duela hamarkada bat baino gehiago euskal erakundeen anbizioa eta epe luzerako ikuspegiagatik izan ez balitz. Arriskatzeko eta apustu eraldatzailea egiteko erakutsi zuten ausardiarik gabe. Gaur, beste batzuei dagokigu amaiera ematea. Baina gure erantzukizuna pentsamolde hori bera mantentzea da, asko eta ondo pentsatzea eta amets egitea, kalkulu politikoetatik eta epe laburrerako kalkuluetatik haratago. Hurrengo belaunaldiek Euskadi hobeaz gozatzeko aukera izan dezaten. Mugikortasuna herri aurreratu baten funtsezko elementua da. Garraio Publikoaren Euskal Eredua indartzen jarraitu behar dugu, kalitatezkoa eta eraginkorra". Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak, bere aldetik, adierazi du “egiaztatu ahal izan dutela tamaina honetako obra bat martxan jarri aurretik egin beharreko lan guztiak epe barruan eta aurreikusitako moduan betetzen ari direla”. Eusko Jaurlaritzak oso-osorik finantzatu eta exekutatu du, eta sailburuak azpiegitura horri buruz esan du “72 ordu baino gutxiago falta direla Donostiako eta Gipuzkoako historiako obra publiko handiena martxan jartzeko; lurraldearen luze-zabalean zerbitzu hobea emango da, Zumaiatik Iruneraino”. Falta diren lanez gain, bi arduradunek Victor Goikoetxea artista gipuzkoarraren ‘El eco de la bahía’ artelana jartzeko erremateak ikusi dituzte. Esku-hartze artistiko arkitektoniko hori Kontxa-Zentroko eta Bentaberriko geltokietarako sarbideen erronka gainditzeko egin da.

 

Zirkulazioaren noranzkoa aldatuko da

Joan den otsailera arte Topoaren trenak eskuinetik ibiltzen baziren ere —Euskal Trenbide Sarearen (ETS) eta Euskotrenen sareko gainerako trenak ezkerretik ibiltzen dira—, otsailean amaitu zen aldaketaren lehen fasea, parekotasun-aldaketa deiturikoa, Hendaia eta Galtzaraborda (Errenteria) artean. Bigarren fase honetan, parekotasun-aldaketa hori Pasaia eta Anoeta artean dauden sei geltokietara hedatuko da, Altza, Herrera, Intxaurrondo eta Loiolakoak barne. ETSk ostiraletik larunbaterako gauean aldatuko ditu seinaleak, eta ETSk zein Euskotrenek geltokietako arreta-zerbitzua indartuko dute, seinaleztapen espezifikoa instalatuko dute eta megafoniaz abisuak emango dituzte aldaketa gogorarazteko. Trenetan, aldiz, aldaketa teknikoak egingo dituzte eta software espezifiko bat izango dute gidariei laguntzeko.

Nasak aldatzea beharrezkoa da Zumaia-Pasaia trenbide-lotura egiteko, tren-aldaketarik gabe, eta hori egin ahal izango da larunbatean estreinatuko den 4,2 kilometroko lurpeko pasante berriaren bidez. Orain arte, Amarako geltokian egin dira tren-aldaketak, eta zirkulazioaren noranzkoa ere bertan aldatu izan da; izan ere, kostaldetik zetozen trenak ezkerraldetik zihoazen, eta topokoak, eskuinetik. Pasante berriaren ondorioz zaku-hondoa kentzeak tren guztiak ezkerretik ibiltzeko aukera emango du, eta, horrela, bidaia-fluxua optimizatu egingo da, konexio-denbora murriztuko da eta bidaiarien esperientzia hobetu.

Izan ere, Topoaren lineak 4,2 kilometro eta Antigua auzora eta Erdialdera iristeko bi geltoki berri baditu ere, treneko bidaiaren denborak ez dira handituko, tarte berria egiteko behar diren minutuak lehen Amarako gidatzeko kabina aldatu eta zirkulazioa erregulatzeko behar zirenak baitira. Adibidez, Anoetara partidu bat ikustera joan nahi duen Añorgako herritar batek 12 minutu behar ditu orain trenez iristeko; larunbatetik aurrera, berriz, 11 minutu baino ez dira izango Añorga, Lugaritz, Bentaberri, Kontxa-Zentroa, Amara zeharkatzeko, eta, azkenik, Anoetara heltzeko.

Hauek izango dira trenbide zati berriaren ibilbide-denborak:

- Lugaritzetik Bentaberrira: 2 minutu
- Bentaberritik Kontxa/Zentrora: 3 minutu
- Kontxa/Zentrotik Amarara: 2 minutu
- Amaratik Anoetara: 2 minutu
 

Eraikuntzako azken mugarria

Parekotasun-aldaketarena ez da izango hilaren 20tik 21erako gauean egingo duten jarduketa bakarra, tren-zerbitzua etenda dagoenean. Eusko Jaurlaritzak erabat finantzatu dituen lanak amaitzeko, ETSk eraikuntzako azken mugarria egingo du: Donostiako bide berria eta egungo trenbidea lotuko ditu Morlans parean. Ezinbesteko lotura da: gaur egun Topoak zirkulatzen duen trenbidea 40 metro mugitu behar da, zati berriarekin lotu dadin.

Lan tekniko horiek amaitu ostean, Topo berria metro-maiztasunekin abiatuko da —trenari dagokionez, maiztasunak 10 minututik beherakoak izango dira— (ordutegiak Euskotrenen webgunean kontsulta daitezke). Hala, Donostialdeko ekialdean dagoeneko eskaintzen ari diren 7,5 minutuak metropoli-arearen mendebaldera zabalduko dira, eta, hala, Añorga eta Pasaia arteko 11 geltokiek hobetutako zerbitzu horren onurak izango dituzte. Horretarako, Euskotrenek lanegun guztietan 276 tren-zirkulazio egingo ditu linea berrietan: E1 Matiko (Bilbo)/Zumaia – Pasaia, T0 Añorga – Pasaia, T1 Lasarte Oria – Irun/Hendaia.

Hain zuzen ere, hiru linea horien elkarguneak aukera ematen du 7,5 minutuko maiztasunak lortzeko Añorga – Pasaia zati komunean, eta tren-kadentzia erregular bat eskaintzeko lanegunetako zerbitzu osoan:

- E1 Matiko/Bilbo - Pasaia: 60 minutuero
- E1 Zumaia - Pasaia: 30 minutuero
- T1 Lasarte Oria - Hendaia: 30 minutuero (Lasarte Oria eta Irun artean 15 minutuero).
- T0 Añorga - Pasaia: 7,5 minutuero

Euskotreneko zerbitzuen maiztasunak ez dira lanegunetan bakarrik handituko; asteburuko zerbitzua ere nabarmen hobetuko da:

- E1 Zumaia-Pasaia: gaur egun duen zerbitzua bikoiztu egingo du, eta zerbitzua 30 minutuerokoa (igande goizetan 60 minutuerokoa) izango da urte osoan, eta ez bakarrik udan orain arte bezala.

- T0 Añorga – Pasaia: tren bat 7,5 minutuero, igande goizean izan ezik (15 minutuero pasako da). Horren ondorioz, Altzak eta Pasaiak berriro hobetuko dute uztailean bikoiztu zen zerbitzua, bi geltokien arteko trenbide-pasantea irekita.

- T1 Lasarte Oria – Irun (Añorga – Pasaia tarte komuna ez dena): larunbat eta igandeetako maiztasuna 30 minututik 15era pasako da.

T1 Lasarte-Oria – Hendaia: asteburuetako zerbitzua ez da etengo larunbateko lehen trenetik hasi eta igandeko azken treneraino, eta larunbat gaueko maiztasuna nabarmen handituko da, 30 minutuerokoa izango da; orain, neguan, bi ordutik behin pasatzen zen eta udan, ordubetean behin. Horrela, Topo berria martxan jartzean, neguko eta udako ordutegien arteko ezberdintasunak ezabatzeko erabakia hartu da.

js-tarifas