Herritarrek Topoaren geltoki berriak bisitatu ahal izango dituzte Amaran, Bentaberrin eta Kontxa-Zentroan, zerbitzuan jarri aurretik
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak urrian eta azaroan herritarren bisitak antolatu ditu Donostiako Topoaren lurpeko hiru geltoki berrietara: Amara, Bentaberri eta Kontxa-Zentroa. Ostegun honetatik aurrera, urriak 8, eta plaza guztiak bete arte, izena emateko epea irekiko da interesdunentzat. Bisitetan Euskal Trenbide Sareko eta Euskotreneko teknikarien eskutik zerbitzu publikoari buruzko informazioa jasoko dute.
Izena presentzialki eman ahal izango da, 08:30etik 14:30era, Euskal Trenbide Sarearen Herritarrei Arreta Emateko Bulegoan (Topogunea), Amarako geltokiko atondoan; 680 564 204 telefonora deituta; edo topo.eus webgunean eskuragarri dagoen online inprimakiaren bidez.
Izena emateko honako datu hauek aurkeztu beharko dira: izen-abizenak, adina, NAN eta harremanetarako telefonoa eta/edo helbide elektronikoa, eta, aldi berean, zein geltoki bisitatu nahi duten eta eguna eta ordua adieraziko dituzte.
Lehenengo bisita-txandak Amarako geltoki berrian izango dira (Autonomia kaletik sarbidea), urriaren 19an, 20an eta 21ean, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan. Ondoren, bisitak Bentaberrira lekualdatuko dira urriaren 27, 28 eta 29an, eguneko hiru txandatan, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan. Azkenik, herritarrek Kontxa-Zentroko geltoki berria ezagutzeko aukera izango dute azaroaren 3an, 4an eta 5ean, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan.