Trena E1/E2/E5 (ekainak 20 - 28): gaueko tren-zerbitzua indartuko da Irun eta Eibarko jaiak direla eta
Euskotrenek, Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren menpeko sozietate publikoak, gaueko trenen zerbitzua indartuko du Irun eta Eibarko jaietan egingo diren joan-etorriak errazteko.
Eibarko ‘sanjuanetarako’ garraio publikoaren alternatiba bat eskaintze aldera, tren bereziak egongo dira Eibar-Ermua tartean ekainaren 20ko (ostirala), 21eko (larunbata) eta 23ko (astelehena) gauetan. Larunbatetik iganderako gauean zerbitzu berezi horrek osatu egingo du Deba eta Matiko arteko ohiko gaueko zerbitzua.
Irungo jaiei dagokienez, ekainaren 21etik 22rako gauean eta ekainaren 28tik 29rako gauean orduero egongo dira trenak E2 Lasarte-Oria – Hendaia eta E5 Altza – Amara/Donostia lineetan. Horrez gain, ekainaren 23an tren-zerbitzu berezia egongo da herri horretako jaien egitarauan sartu den Gatiburen kontzertua dela eta.
Euskotrenek trenez bidaiatuko duten pertsonei gomendatzen die ordutegiak aldez aurretik kontsultatzeko, APP ofizialean edo www.euskotren.eus webguneko bilatzailean. Informazioa jaso dezakete, halaber, Euskotreneko langileak dituzten geltokietan eta 944 333 333 telefono-zenbakian.