Vitoria-Gasteizko tranbia: urtarrilaren 7an (asteartea), 12 urte bete arteko adingabeentzako doakotasuna sartuko da indarrean Vitoria-Gasteizko tranbia zerbitzuan.
Datorren asteartetik (hilak 7) aurrera, 12 urte bete arte adingabeek doan bidaiatu ahal izango dute Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko Sailaren barruan dagoen Euskotren sozietate publikoak kudeatzen duen Vitoria-Gasteizko tranbia zerbitzuan. Aldi baterako, urtarrilaren 7tik otsailaren hasierara arte, txartel pertsonalizatuak eskatzeko egokitzapen-aldi bat ezarriko da. Epe horretan, neurri horren onuradun diren adingabeek doan bidaiatu ahal izango dute, inolako baliozkotzerik egin gabe, baina edozein tranbia-agentek hala eskatuz gero, haien adina egiaztatu beharko dute. Horrela, Arabako garraio publikoko operadore guztiek doakotasuna izango dute 12 urte bete arte urtarrilaren 7tik aurrera.
Egokitzapen-aldia amaitu ondoren, otsailetik aurrera, txartel pertsonalizatuarekin bidaiatu beharko da, joan-etorri bakoitza hasi aurretik baliozkotu beharko da, tranbiako gainerako bidaiariek bezala, eta adingabeentzako baimena eraman beharko da bakarrik bidaiatzen badute (baimen-eredua www.euskotren.eus webgunean deskarga daiteke). Bestalde, gaur egun txartel pertsonalizatu guztiekin gertatzen den bezala, beharrezkoa da NANa edo familia-liburua eramatea, behar izanez gero nortasuna egiaztatu ahal izateko.
BAT txartel pertsonalizatuak Vitoria-Gasteizko Tranbiaren Bezeroei informazioa emateko bulegoan eros daitezke, urtarrilaren 7tik (asteartea) aurrera. Bulego hori Antso Jakituna kaleko 9. zenbakian dago. Ordutegia honako hau da: astelehenetik ostiralera, lanegunetan, 08:00etatik 19:30era.
Gaur egun, doakotasuna 6 urte bete arte dago ezarrita, Vitoria-Gasteizko hiri-autobusen kasuan izan ezik (Tuvisa), 12 urte bete arte doakoa baita.
Neurri horren helburua da familia-ekonomiak arintzen laguntzea eta belaunaldi berriek mugikortasun jasangarriaren ohitura har dezaten bultzatzea, klima-aldaketaren erronkari aurre egiteko urrats gehigarri gisa. Euskadi osoko 130.400 haur inguruk eskuratu ahal izango dute neurri hori, eta 22.000 inguruk Araban.
Erabiltzaileek informazio gehiago jaso dezakete 945135554 telefono-zenbakian eta www.euskotren.eus webgunean.