Mugikortasun Jasangarriko Sailak udazkenean amaituko du bere trenbide sarean genero-indarkeriaren aurkako neurriak ezartzeko prozesua

Entradilla

Mugikortasun Jasangarriko Sailak udazkenean amaituko du bere trenbide sarean genero-indarkeriaren aurkako neurriak ezartzeko prozesua

Body

- Euskal trenbide sareko geltokiak genero-ikuspegiarekin diseinatzeko irizpideen Liburu Zurian gomendatutako neurriek 405.000 euroko inbertsioa eskatu dute

- Zarauzko edo San Pelaioko geltoki berriek eta eraikitzen ari diren beste batzuek, Topoaren saihesbideko geltokiek, Pasaiakoak, Usurbilekoak eta Zumaiakoak, besteak beste, baldintza horiek betetzen dituzte.

Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko sailburuak gaur goizean Añorgan ziurtatu duenez, bere Sailak, Euskal Trenbide Sarearen (ETS) bidez, urtea amaitu baino lehen amaituko du bere trenbide sareko geltokietan genero-indarkeriari aurre egiteko prestatu duen eta 405.000 euroko inbertsioa eskatu duen disuasio-neurrien lehen fasea.

“Segurtasuna hobetu dugu Bizkaiko eta Gipuzkoako 47 geltokitan, arlo horretan maila ona izan arren gure instalazioei plus bat emateko aukera dugulako, Euskotrenen zerbitzuaren erabiltzaile guztiak seguruago senti daitezen, azaldu du sailburuak Donostiako Añorga auzoko geltokian, Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuarekin batera egindako bisitan. Geltoki hori da larrialdietako totema duenetako bat. Biak aurretik bildu dira, bi erakundeek generoaren eta garraioaren arloan dituzten esperientziak eta ekimenak partekatzeko.

2023an eta 2024an, euskal trenbide sareko geltokiak genero-ikuspegiarekin diseinatzeko irizpideen Liburu Zuriak aipatzen dituen neurriak ezarri dira ETSren eta Euskotrenen trenbide sareko geltoki askotan. ETSko Berdintasun taldearen ekimenez 2022an argitaratu zen dokumentu horrek segurtasuna hobetzeko beharra adierazten du, batez ere hiriguneetatik urrun dauden geltokietan. Esku-hartze berritzaileena larrialdiko berrogeita hamar totem eta hogeita hamar zaintza-kamera inguru jartzea izan da, ETSren 29 geltokitan, 18 Bizkaian eta 11 Gipuzkoan.

Sorospen-puntuak, larrialdi-kasuetarako sakagailu bat duten segurtasun-totem batek osatzen ditu. Sailburuak eta foru diputatuak egiaztatu dutenez, sakatzean dei automatikoa egiten da ETSko aginte postura, alarmako abisu akustiko bat sortzen du gertatzen den geltokian bertan, totemaren goiko aldean instalatutako argi kliskatzailea distira egiten hasten da eta aldameneko kamerak zuzenean emititzen hasten dira.

Trenbideko zirkulazio guztia kontrolatzen den ETSko aginte postutik, deiaren sinesgarritasuna egiaztatzen da eta, hala badagokio, SOS Deiak-era bideratzen da. Laguntza-puntua osatzeko, grabazioa ere baduten zaintzarako 32 kamera instalatu dira, trenbide-azpiegituretan instalatuta daudenekin batera segurtasuna optimizatzeko.

Puntu kritikoko “perretxiko” itxurako sakagailua sakatzen denean, laguntza behar duen pertsonarekin ahots bidez komunikatzen hasteaz batera, era automatikoan irudi-leiho bat irekitzen da aginte-postuko kontrol-panelean, era estrategikoan totemera begira jarritako kameren bidez, zaintzaz arduratzen den pertsonak lekua ahalik eta ondoen ikus dezan eta, horrela, erabiltzaileari baldintzarik onenetan arreta eman diezaion.

“Ez gara totemak instalatzera mugatu; orain dela gutxi ispiluak jartzen hasi gara, sareko 21 geltokitan ezkutuan dauden puntuen ikuspena hobetzeko eta, kasu batzuetan, kristal opakuen ordez kristal gardenak instalatzen hiru terminaletan. Era berean, zaintzarako 50 kamera inguru instalatu dira lehen neurri horiek ez zituzten Bilboko tranbia-sareko 14 geltokitan”, adierazi du García Chuecak.

Sailburuak adierazi duenez, esparru horretan egindako inbertsioa, zenbaki globaletan, lehen aipatutako 405.000 eurotik gorakoa da; “izan ere, sareko geltoki berriek, batzuk eraikitzen ari diren geltokiak, hain zuzen ere, hala nola Lugaritz-Easo igarobideko hirurak, Pasaiakoa, Usurbilekoa edo Zumaiakoa, eta dagoeneko zerbitzuan daudenak, Zarautz eta San Pelaio kasu, barne hartzen dituzte jada Liburu Zurian gomendatutako neurriak”.

Añorgako geltokia 2012an inauguratu zen, eta larrialdiko hiru totem, zortzi kamera eta laster instalatuko diren bost ispilu ditu, Topoaren erabiltzaileen ikuspena eta segurtasun-sentsazioa hobetzeko.

Indarkeria matxisten aurkako lehen protokoloa Lurraldebusen

Bestalde, Azahara Domínguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak, azaldu du bere saila Lurraldebuseko indarkeria matxisten aurkako lehen protokoloa prestatzen ari dela, dokumentu “integral eta proaktiboa”, “Lurraldebuseko emakume erabiltzaile eta langileentzat” sortua, eta, prebenitzeaz gain, indarkeria-egoera horiek gertatzen direnean jarduteko tresnak eskaintzea bilatzen duena. Diputatuak azaldu duenez, garraio publikoaren ikuspegi orokorra kontuan hartzen duen asmo handiko lana da, erabiltzaileek autobusetan igarotzen duten denborara mugatu gabe, eta geralekuen kokalekutik hasi eta haien segurtasunera arteko guztia ere kontuan hartzen duena.

Horretarako, Azahara Dominguez diputatuak azaldu du duela hilabete batzuetatik garraio publikoan inplikatutako eragileekin biltzen ari dela, Lurraldebuseko erabiltzaileekin eta langileekin, udaletatik eta polizia-kidegoetatik igaroz. Gainera, emakumeen hainbat elkarte eta etxeren ikuspegia ere jasotzen du. “Emakumeen aurkako indarkeriak desberdintasun-era gogorrenetakoa dira; izan ere, erasoek, sexu-jazarpenak eta segurtasunik ezak berak, gure eskubideak urratzeaz gain, gizartean parte hartzeko dugun gaitasuna mugatzen dute. Horregatik, ezinbestekoa da erakunde publikoek aliantzak egitea gizarte zibilarekin eta tartean dauden eragileekin, garraio publikoa emakumeok seguru sentitzeko gunea izan dadin. Izan ere, garraio publikoak, jasangarria, erosoa, lehiakorra eta irisgarria izateaz gain, erabiltzaile guztientzat segurua izan behar du”, azpimarratu du.