ETSk 30,6 milioi euroren truke esleitu du Orio eta Usurbil arteko Aginagako trenbide-saihesbidea

Entradilla

ETSk 30,6 milioi euroren truke esleitu du Orio eta Usurbil arteko Aginagako trenbide-saihesbidea

Body

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren kontratazio-batzordeak, Construcciones Moyua, Jaizubia eta Geotúnel enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteari (ABEE) esleitu dio gaur Bilbo-Donostia lineako Orio eta Usurbil artean dagoen Aginagako trenbide-saihesbidearen eraikuntza, 30,6 milioi euroren truke (BEZ aparte) eta 40 hilabeteko egikaritze-epearekin. Trenbide bikoitzean 1.329 metro luze izango den tunel bat eraikitzeak egungo ibilbidea laburtuko du eta Zarautz eta Donostia arteko maiztasunak bikoiztea ahalbidetuko du.

93+166 eta 96+151 kilometro-puntuen arteko trenbide-trazadura trenbide bakarrean doa, Oria ibaiaren paraleloan. Puntu horretan meandro bat egiten du, eta, beraz, bihurria da, erradio txikiko kurbak eta kontrakurbak ditu. Gaur egun trenek Aginaga mendia inguratzen dute. Unitateek 9 minutu behar dituzte Aia-Orioko eta Usurbilgo geltokiak lotzeko.

Lanak, funtsean, 1.329 metroko luzerako trenbide bikoitzeko meategi-tunel bat eraikitzean oinarrituko dira. Bi muturretan tunel faltsuko egiturak proiektatu dira, obra ingurunean integratzeko. Bilbo aldean 24 metroko luzera izango duen soluzioa diseinatu da, eta beste aldean, Donostiakoan, 30 metro izango ditu. Tunelak 371 metro luzeko larrialdietarako galeria bat ere izango du.

Trenbidearen trazadura berriak 1.500 metro inguru murriztuko du ibilbidea, eta 2 minutu murriztuko du Aia-Orio eta Usurbil geltokien arteko bidaiarako denbora. Tunel osoan trenbidea bikoiztuko denez, bidaiarien eta salgaien unitateak gurutzatu ahal izango dira. Baldintza horiekin, trenbidearen zerbitzu-ahalmena handitu egingo da, eta, beraz, gaur egun 30 minuturo zirkulatzen duten ibilgailuek 15 minuturo zirkulatu ahal izango dute.

Trazadura-aldaketarekin ustiapenean ere hobekuntza nabarmena lortuko da. Trazaduraren inguruan zuhaitz eta ezponda ugari daudenez arazo asko sortzen dituen baso-eremua uztean, azpiegituran eragin gutxiago sortuko da eta mantentze-lanak murriztu egingo dira. Horrek bidaiarien erosotasun- eta segurtasun-baldintzak optimizatzen lagunduko du.

Aginagako tunela egin aurretik, ETSk hitzarmena sinatu du Usurbilgo Udalarekin eta obretarako sarbide nagusia den Oria ibaiaren gaineko Txokoaldeko zubia birgaituko du. Igarobidea 60 urte baino gehiago dituzten harlangaitzezko zutabeek eta lauza motako hormigoizko habeek osatzen dute. Hartutako soluzioa egungo taularen zeharkako sekzioa handitzean oinarrituko da, trenbideak 3,80 metroko zabalera izan dezan, eta espaloiak 2 metrokoa, galtzadaren eta oinezkoentzako gunearen arteko elementu bereizleekin.

Mugikortasun Jasangarrirako Sailak inbertsio handia bultzatu du Elgoibar eta Donostia arteko trenbide-azpiegituretan, Gipuzkoako mendebaldeko kostaldearen eta hiriburuaren arteko lotura hobetzeko. Gauzatutako proiektuen artean daude, besteak beste, Alzolako saihesbidea, Zumaiako zubiaren eraberritzea, herri horretan bertan geltokiaren birmoldaketa eta kotxetegien eraikuntza, Meagako tunelaren finkapena eta trenbidearen berrikuntza, Zarauzko San Pelaioko geralekuaren zaharberritze osoa eta terminal berriaren eraikuntza udalerri horretan bertan.