Euskotrenek bere garraio zerbitzuen % 50eko beherapena mantenduko du urte oso honetan zehar
Tren, tranbia eta funikularrerako kontakturik gabeko Barik, Bat edo Mugi txartela duten erabiltzaileek tarifen murrizketen onuradun izaten jarraituko dute, orain arte bezala, hobaria automatikoki aplikatzen baita ohiko ordainketa-euskarri horien bidez.
Euskotren sozietate publikoa Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren menpekoa da, eta aurten bere tren, tranbia eta funikular zerbitzuetarako % 50eko hobaria aplikatzen jarraituko du.
Hala, Eusko Jaurlaritzak, garraio-arloko gainerako erakunde eskudunekin koordinatuta, familien egoera ekonomikoa arintzeko lehentasunezko helburua mantendu du, aldi berean garraio publikoaren bidez mugikortasun jasangarria sustatu eta ibilgailu pribatuen erabilera ekidinez, CO2 emisioak murrizte aldera.
Ildo horretan, azpimarratzekoa da 2023. urtean 39,5 milioi pertsonak baino gehiagok erabili zituztela Euskotrenen zerbitzuak, hau da, 2022an baino % 22 gehiago, eta 2019an, pandemia aurreko azken urte osoan, % 15 erabiltzaile gutxiago egon ziren.
Tarifen aldi baterako hobaria egungo egoerako baldintza berberetan aplikatzen jarraituko da. Beherapena automatikoki aplikatzen da kontakturik gabeko Barik, Bat eta Mugi txartelen bidez, baina Larreinetako funikularrerako hileko abonuan (nahiz eta txartelik gabe eskuratzen den) eta Kukullagako igogailurako 10 Abonuan ere aplikatzen da % 50eko hobaria. Deskontua ezin zaie aplikatu paperean eskuratutako joateko edo joan-etorriko txartelei. Halaber, ez dute hobaririk jasoko EAEtik kanpoko erakundeei erositako abonuek (Passbask, Euskopass, Txik-txak, Tranbus, Bortziri…).