Garraio aldaketa

Entradilla

Trena E1 (urriak 29 - azaroak 4): zerbitzu mozketa Zarautz eta Aia-Orio artean

Body

Urriaren 29tik azaroaren 4ra bitartean, biak barne, Euskal Trenbide Sareak trenbideko zirkulazioa etengo du Zarautzen. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen erakunde publikoak San Pelaioko geraleku berria eraikitzeko ari den obren aurrerapenak eragin du mozketa.

Euskotren operadoreak eskaintzen duen zerbitzu erregularraren erabiltzaileek bermatuta izango dute mugikortasuna autobusen bitartez. Horrela, Donostiarantz doazenek Zarauzko behin-behineko geltokian egin beharko dute garraio-aldaketa, eta autobusez jarraituko dute Donostian dagoen Amarako geltokiraino, tarteko geltoki guztietan geratuta.

Bestalde, Bilborantz doazenek Aia-Orion egin beharko dute autobuserako aldaketa, Eibarrera joateko. Bertan, Amaran bezala, bidaiariek trenez jarraituko dute ibilbidea helmugara iritsi arte, bidean dauden geltoki guztietan geldituz.

Autobus geralekuak bidaiariak hartzeko

  • Zarautz behin behineko geltokiaren ondoan
  • Aia-Orio Geltokiaren ondoan (Arin y Embil altzari denda)

 

Programatutako mozketa hormigoi aurrefabrikatuzko pieza handi batzuk jartzearen ondorioa da. Pieza horiek jarri ondoren, trenbideak altxaera-trazadura berrian birjarri eta zerbitzua berrezarri ahal izango da. Jarri beharreko piezak eraikiko den geltokiaren egituraren eta hegoaldeko trenbide-azpiegituraren iragazkortasuna ahalbidetzen duen azpiko pasabidearen parte dira.

Geltoki berriak 100 metro karratuko ataria izango du, eta beheko pasabidetik sartuko da bertara. Atariaren zabalera bikoiztu egingo da, 6 metrora igaroko da eta galiboa 3 metroko altuerara handituko da. Txartelak saltzeko makinak, txartelak baliogabetzeko makinak, txartelak saltzeko eta bezeroari informazioa eta arreta emateko erakusmahaia eta gela teknikoak izango ditu. Ataritik, eskaileren edo bizikletak garraiatzeko aukera emango duen igogailu baten bitartez sartuko da nasara.

Nasak, berriz, 80 metroko luzera eta 3,5 metroko zabalera izango du. 28 metro luzeko markesina izango du. Lanek trenbide bat eta nasa bat eraikitzea aurreikusten badute ere, bigarren trenbiderako eta beste nasa baterako nahikoa leku utziko da.

Zarauzko geltoki berria

Era berean, ETS Zarauzko geltoki berria eraikitzeko obrak ari da egiten aldi berean. Obra horiek amaitutakoan, trenbide-instalazioak modernizatzeaz gain, trenbideko trazadura udalerrian hobeto integratuko da. Proiektua Garraio Sailak, ETSren bitartez, eta Zarauzko Udalak finantzatzen dute, bi erakundeek sinatutako hitzarmenari esker. Hitzarmen horretan, lehenak aurrekontuaren ehuneko 66,7a jarriko du, eta Udalak gainerako ehuneko 33,3a.

Lanen egoerari dagokionez, une honetan, trenbide-zerbitzuak desbideratu, geltoki zaharra eraitsi eta behin-behineko geltokia martxan jarri ondoren, zutoin-oholez egindako esparru iragazgaitz bat eraikitzen ari dira, etorkizuneko geltokiko zutabeen zimenduak, hondeaketa-lanak eta pentzeak gauzatu ahal izateko.