Gasteizko tranbia: abuztuaren 10ean hasiko dira Salburua eta zerbitzuan dagoen tranbiaren trazadura lotzeko lanak
ETSk abuztuaren 10ean hasiko ditu Salburua eta zerbitzuan dagoen tranbiaren trazadura lotzeko lanak
Lan horiek Florida kaleko maniobra-maukako zirkulazioak kendu eta Ibaiondo eta Abetxuko adarretako maiztasunak murriztuko dituzte
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, abuztuaren 10ean ekingo dio Salburuako luzapenaren eta Vitoria-Gasteizko tranbiaren zerbitzuko trazaduraren arteko behin betiko konexioa egiteko lanen azken faseari.
Lan horiek irailaren 6ra arte luzatuko dira. Florida kaleko maniobra-maukako tranbia-zirkulazioak kenduko dira, eta, horrela Ibaiondo, Abetxuko eta zentroko adarretan zerbitzuaren maiztasuna murriztuko da.
Joan den ekainaren 27an, Jose Lejarreta kaleko zirkulazioa eten zen Florida kalearekin duen lotunean, eta eraispen-lanak eta ukitutako zerbitzuen kudeaketa hasi ziren. Ondoren, tranbiaren plataformaren eta trenbide berrien parte bat eraiki da. Bestalde, zutoinak eta katenariaren beste elementu batzuk egokitzeko lanak egin dira.
Abuztuaren 10etik aurrera, katenariaren tentsioa eten egingo da Florida kaleko mauka trenbidean. Horrek, tranbiaren zirkulazioa galarazteaz gain, bi trenbide tarteak lotzeko lanei ekitea ahalbidetuko du.
Urbanizazio lanak amaitu ondoren, irailaren 7an, Jose Lejarreta kalea eta Florida arteko konexioa berriro irekiko da zirkulaziorako.
Eraginak Zerbitzuan
Tranbiaren trafikoan eraginak irailaren 6an amaituko dira. Egun horretatik aurrera, trenbideak fisikoki lotuta egongo dira, Salburuako tarte berrian oraindik zirkulatzea ezinezkoa izango den arren.
Horregatik guztiarengatik, eta obra dela eta, abuztuaren 10etik irailaren 6ra bitartean, Ibaiondoko eta Abetxukoko adarretako maiztasuna 15 minututik 20 minutura igoko da, eta Erdialdeko adarrekoa edo enbor komunekoa, berriz, 7,5 minututik 10 minutura. Bi adarrek Unibertsitatean amaituko dute zerbitzua. Gaur egun, Abetxukoko adarrak Floridako geltokian amaitzen du.
Erabiltzaileek hemen jaso dezakete informazio gehiago:
- Tranbiaren geralekuetan
- Euskotrenen telefono-zenbakian: 944 333 333
- Webgunean: www.euskotren.eus
- Twitterren: @euskotren
- Euskotrenen APP ofizialean