Bizkaiko Foru Aldundiak bi BiziPuntu eta Larreinetako Funikularraren ondoan bizikletak garbitzeko gunea instalatu ditu

Entradilla

Bizkaiko Foru Aldundiak bi BiziPuntu eta Larreinetako Funikularraren ondoan bizikletak garbitzeko gunea instalatu ditu

Body

Zugaztietak eta Meatzaldeak eskaintzen dituzten bizikleta-ibilbideez gozatzen duten milaka zaleek, martxoaren 31tik aurrera eta Bizkaiko Foru Aldundiak instalatutako bi BiziPuntuei eta Larreinetako Funikularraren ondoan instalatutako bizikletak garbitzeko guneari esker, modu eroso, azkar eta seguruan egin ditzakete bizikletak prestatzeko, mantentzeko edo garbitzeko lanak.

Zehazki, Larreinetako geltokiaren irteeran jarri da bi BiziPuntuetako bat, eta La Escontrillan, espazio berean, beste BiziPuntua eta bizikletak garbitzeko gunea. Bizikletak konpondu eta mantentzeko bi puntuak Sailak Bizkaiko beste udalerri batzuetan jarritakoen antzekoak dira. Altzairu herdoilgaitzezko zutabe bat dute, 20 x 20 cm-koa eta 1,40 m-ko altuerakoa. 8 erreminta dituzte: bihurkinak, giltza ingelesak, giltza finkoak eta Allen giltzak, eta gurpilen estalkiak desmuntatu eta muntatzeko tresnak. Horiek guztiak, altzairuzko kable erretraktil baten bidez lotzen dira banaka-banaka zutabera. Horretaz gain, gurpilak puzteko puzte-sistema bat ere badago, biradera birakari baten bidez abiarazten dena eta manometroa duena, bai eta bizikleta finkatzeko eta eragiketa ohikoenak erraz egin ahal izateko besoak ere.

QR kode bati esker, erabiltzaileek tutorialak ikus ditzakete BiziPuntuak ahalbidetzen dituen mantentze- eta konponketa-lanak egiteko. Bizkaiko Foru Aldundiak bere webgunean argitaratutako informazioa osoa zutabean errotulatutako beste QR kode baten bidez eskura daiteke. Lan-eremu osoa margo urdinez dago seinaleztatuta, eta seinale bertikal laukizuzen batean instalazioak eskaintzen dituen zerbitzu guztiak adierazten dira.


AUTOBUS ELEKTRIKOA

Ekimena udalerriaren eta Zugaztietaren artean mugikortasun jasangarria sustatzeko (Funikularra erreferentetzat hartuta) Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Traparango Udalaren artean sinatutako akordioan sartzen da. Xedea da deskarbonizatutako eta mugikortasun jasangarriko (isurtzerik gabekoa) eremu handi bat sortzea La Escontrilla eta Zugaztieta artean. Tartean dauden erakundeek konpromisoa hartu dute Funikularraren eta Zugaztietaren arteko lotura, Eusko Tren sozietateak kudeatzen duena, autobus elektriko baten bidez egiteko.

Horren guztiaren xedea da garraiobide jasangarrien erabilera sustatzea, eta, horretarako, mugikortasun aktiboa (oinez edo bizikletaz) bultzatzea eta garraiobide publikoen arteko intermodalitatea indartzea, ibilgailu pribatuaren kalterako.


ERAKUSKETA IRAUNKORRA

Hiru erakundeen arteko akordioan dibulgaziozko hainbat kultura-ekintza egitea ere sartzen da.

Horien artean, Funikularraren instalazioei buruzko erakusketa iraunkorra, haren eta eremuko meatzaritzaren historia hedatzeko, eta Larreinetako Funikularraren kutxa historikoa birgaitzea, erakusketa horren parte izateko.