Segurua eta funtsezkoa

Entradilla

Eusko Jaurlaritzak indartu egin du garraio publikoan segurtasunari eta osasunari buruzko informazioa pandemian zehar

Body

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, Euskotren sozietate publikoarekin batera (tren, metro, tranbia, autobus eta funikularren zerbitzuen operadorea) eta Euskadiko Garraio Agintaritzan (EGA) ordezkaritza duten enpresa operatzaileen eta erakundeekin lankidetzan, informazio-kanpaina berri bat sustatu du pandemia honetan garraio publikoan segurtasunari eta osasunari buruz.

Kanpaina horretan azpimarratu egiten dira enpresa operadoreek ezarritako neurri nagusiak, baita erabiltzaileek prebentzio arloan egindako ahalegina ere. Halaber, azpimarratzen du ezinbestekoa dela horiei denboran eustea osasun-krisiak dirauen bitartean: etengabe desinfektatzea, eskuak garbitzea, maskara jantzita eramatea beti, airea berriztatzea eta isilik bidaiatzea.
 
Ekintza komunitario bat da, erabiltzaile gehienen eta enpresa operadoreen artean dagoen lankidetza sakondu nahi duena, bidaia-baldintzak ahalik eta seguruenak izan daitezen. Garraio publikoa ezinbesteko zerbitzua da Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia- eta gizarte-jarduerarako, herritarren eguneroko bizimodua indarberritzen laguntzen baitu.  Ildo horri jarraikiz, adierazi behar da euskal garraio-zerbitzuek ezarri egin dituztela Osasun Publikoko erakunde eskudunek gomendatutako prebentzio-neurriak, eta, gainera, erabiltzaileen laguntza arduratsua dutela. Hala, ahalbidetu egiten da garraio publikoan kutsatzeko arriskua txikia izatea, pandemiaren hasieratik egin diren azterlanek baieztatzen duten bezala.
 
Azaroaren hasieran, euskal garraio-zerbitzuak berretsi egin zuen herritarrekiko konpromisoa, nahiz eta eskaerak behera egin zuen nabarmen, eta Euskadiko Garraio Agintaritzaren (EGA) azken bilkura osoan egiaztatu ahal izan zen euskal enpresa operadoreek ahalegin handia egin dutela zerbitzua ahalik eta osasun-berme handienekin eskaintzeko.

Bilkura horretan, garraio publikoko zerbitzuetan gehitzeko beste neurri gehigarri batzuk identifikatu ziren, besteak beste hauek: isilik bidaiatzeko gomendioa, garraio publikoan kutsatzeko benetako arriskuari (txikia bada ere) buruzko informazio-ekintza gehiago egitea erabiltzaileentzat, eta, denon erantzukizunari esker, arrisku hori are gehiago murriztea ahalbidetzen duten faktoreei buruzko informazio-ekintzak egitea.

Komunikabideen, sare sozialen, kanpoko publizitatearen eta euskal enpresa operadoreen berezko komunikabideen bidez hedatu den informazio-kanpaina horren helburua da erabiltzaileek kalitatezko, funtsezko, segurtasun handiko eta konfiantzazko garraio-zerbitzu publikoei buruz duten informazioa eta orientabidea hobetzen laguntzea.
 

segurua