Mugikortasun Jasangarriaren Sailak bikoiztu egingo du Topoaren maiztasuna Altza eta Pasaia artean uztailaren 18tik aurrera saihesbide berriari esker
Uztailaren 18an, larunbata, Altza eta Pasaia arteko bi kilometroko lurpeko zatia martxan jartzearekin, osatu egingo da 2016ko irailean Topoa Donostiako Herrera auzotik Altza auzora eraman zuen eta orain Errenteriako Galtzarabordaraino iristen den bi bideko saihesbidea. Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoak gauzatutako lan horiei esker, Altzako ‘zaku hondoa’ ezabatuko da eta tren-pasabide bilakatu; ondorioz, nabarmen hobetuko da garraio publikoaren zerbitzua.
Zerbitzuaren hobekuntzaren xehetasunak gaur goizean azaldu ditu Susana García Chuecak, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak, eta Altza eta Pasaia lotzen dituen lurpeko zati berrian barrena ibili da Euskotrenen tren-unitate batean. Tren-gidarien formakuntzarekin loturarik ez duten pertsonekin saihesbidean egindako lehenbiziko tren-bidaia horretan, Euskadiko garraioaren arduradun nagusiak lagun izan ditu Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuorde Miguel Ángel Paez, ETSko zuzendari Antonio López eta Euskotreneko zuzendariondoko Yon Pérez.
Zehazki, Altzako geltokian eta Pasai Antxoko geltoki berrian (uztailaren 18an bertan zabalduko da, eta egungoa ordezkatuko du, hau da, barrutia banatzen duen biaduktuaren gainean dagoena), trenen maiztasuna bikoiztu egingo da, eta, hala, Amararekiko lotura 7,5 minutuan behin (orain 15 minutuan behin) eskainiko da lanegunetan eta asteburuetan arratsaldez; 15 minutuan behin, asteburuetan, goizetan (orain 30 minutuan behin); eta 30 minutuan behin larunbat gauetan (orain 60 minutuan behin).
García Chuecak azaldu duenez, ekainaren 18tik aurrera eskainitako maiztasun berriak “aurrerapauso garrantzitsua dira Mugikortasun Jasangarriaren Sailak duen helburuan, alegia, Gipuzkoako tren-zerbitzuko itxarote-denborak murrizteko helburuan” eta “orain arte Amara-Herrera tartean gertatzen zen moduan, Pasaian eta Altzan bizi diren pertsonek, hemendik aurrera, ez diote hainbeste begiratu beharko erlojuari.
ETSk Eusko Jaurlaritzaren funtsekin egin ditu obrak, eta obrak amaitu dituenetik, Euskotren proba-zirkulazioak (bidaiaririk gabeko bidaiak) egiten ari da ekaina erdialdeaz geroztik, zerbitzua bidaiarientzako martxan jarri aurretik. Zirkulazio horiek beharrezkoak dira azpiegituran zein material mugikorretan egiaztapen tekniko guztiak egiteko. Denbora-tarte horretan Euskotreneko langileen prestakuntza-lan garrantzitsua ere gauzatu da -150 gidari baino gehiago-, honako hauei buruz: zati berriaren ezaugarriak, zati horretan trenak gidatzea, zirkulazioko segurtasunaren alderdiak eta abar.
Aurreikusitako maiztasuna areagotzeko, langileak prestatzen ahalegin handia egiteaz gain, tren-kopurua handitu behar izan da. Trenen flota 67 unitatek osatuko dute CAF fabrikatzen ari den eta datorren hilabeteetan entregatuko dituen bost konboi berriak gehitzen direnean, eta horrek Euskotreni gaitasun handiagoa emango dio bai eskaintza erregularrari bai kultura-, festa- eta kirol-ekitaldietako zirkulazio bereziei erantzuteko. Gaur egun, Altzan eta Pasaian, lanegunetan, 136 tren-zirkulazio egiten dira, eta, saihesbide berria martxan jartzen denean, 274 egingo dira.
Hain zuzen egun horretan, larunbatean, Topoko trenek lehenbizikoz egingo dute geldialdia Pasaiako lurpeko geltoki berrian. Geltoki horrek guztiz aldatuko du Antxoko barrutiaren fisionomia, etorkizunean erabiliko ez den tren-biaduktua eraistea ahalbidetuko baitu. Geltokiaren gainean sortu den espazio publiko berrian -Gure Zumardia plazan- Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, ETSk eta Euskotrenek tren-munduari lotutako ekintzez beteriko eguna antolatu dute larunbatean. Aurpegiak margotzea, photocall bat, tailerrak, musika, dastaketa gastronomikoak eta beste hainbat jarduera egingo dira geltoki berriari eta maiztasun berriei ongietorria emateko.
