Jarduera

Entradilla

Euskotreneko Burdinbidearen Euskal Museoak igandean bere lurrunezko tren-makinaren 25. urtemuga ospatuko du zirkulazio bereziekin 

Body

Euskotreneko Burdinbidearen Euskal Museoak igandean, ekainak 11, tren historikoen zirkulazio bereziak eskainiko ditu Azpeitiako eta Lasaoko geltokiaren artean ibiltzen den lurrunezko tren-makinaren 25. urtemuga ospatzeko. 

Duela 25 urte trenen zirkulaziorako berreskuratu zen Azpeitiatik Lasaorako linea, gaur egun Eusko Jaurlaritzaren sozietate publiko Euskotrenek kudeatzen duena, bere Burdinbidearen Euskal Museoaren bidez. Bost kilometroko ibilbideak Urola haranaren zati bat zeharkatzen du, eta bertatik instituzioan gordetako ibilgailuek zirkulatzen dute, normalean ehun urte inguruko lurrunezko tren-makinek atoian eramanda, nahiz eta udan eta egun berezietan diesel makina zaharrek eramanda ikus daitezkeen.

Hala, igandeko ospaketa-jardunaldian, protagonistak berriz ere Azpetia-Lasao tartea igaroko duten tren historikoak izango dira, lurrunezko zein diesel tren-makinak eramanak:

•    11:00: Alsthom 1004 diesel-trakziozko tren-makina, Euskal-Asturiar Trenbideen Konpainiarena, 1965an eraikia, Tarbesen. 
•    12:00: Zugastieta lurrunezko tren-makina, 1888an Sharp Stewartek Glasgowen eraikia, Amorebietatik Gernikarako trenerako.
•    13:00: Aurrera tren-makina, 1898an Nasmyth & Wilsonek Manchesterren eraikia Elgoibarretik Donostiarako trenerako.
•    
Gainera, igandetan zerbitzua erabiltzen duten bidaiariei oroitzapenezko txartel bat emango zaie.

Larunbatean, ekainaren 10ean, lurrun-trenaren ohiko irteerak mantenduko dira, ohiko denboraldian sartuta daudenak. 12:00etan eta 17:30ean izango dira. 

Azpeitia-Lasao trenbidearen historia laburra
Azpeititik Lasaorako tren historikoak desagertutako Urolako Trenbidearen bost kilometroko zati bat berreskuratu du. Bide metrikoko linea hori 1926an eraiki eta inauguratu zen, Zumarraga eta Zumaia lotzeko. Urolako trenbidea 1986ko uztailaren 14ra arte egon zen aktibo; data horretan ibili ziren trenak haranean azken aldiz.

Itxi zutenetik hiru urte baino igaro ez zirenean, Eusko Jaurlaritzak inbentario bat eskatu zuen, une hartan zerbitzutik erretiratzen ziren ibilgailuen eta ekipoen balio historikoa ezagutzeko. Hortik sortu zen Burdinbidearen Euskal Museoaren proiektua, Euskadin mende bat baino gehiagoko trenbide-jarduerak sortutako ondare historiko aberatsa zaintzeko eta zabaltzeko. 

Erakundearen egoitza gisa Azpeitiako Urolako Trenbidearen geltoki zaharra aukeratu zen; izan ere, eraikin klasikoaren ondoan, beste instalazio batzuk zituen, hala nola linearen administrazio-bulegoak, trakzio elektrikoko azpiestazio historikoa eta, batez ere, jatorrizko kotxetegiak. Eraikin horrek 2.000 metro karratu baino gehiago zituen, eta oso egokia zen museoak gordeko zuen material mugikorra gordetzeko. Gainera, tailer mekaniko bikaina zuen, 1926ko jatorrizko makineria guztia gordetzen zuena, motor elektriko bakar batek bultzatua, eta indarra poleen, barra konektoreen eta uhalen sistema konplexu baten bidez transmititzen zuena.

Baina Eusko Jaurlaritzak beti pentsatu du Burdinbidearen Euskal Museoak, ibilgailu historikoak zaintzeaz eta kontserbatzeaz gain, zirkulatzeko aukera itzuli behar ziela. Hala, 1997ko udan, Azpeitia eta Lasao arteko traza berreskuratzeko lanak hasi ziren, eta 199ko ekainaren 12an egin zen inaugurazio bidaiarekin amaitu ziren. Aurrera lurrunezko tren-makina izan zen bidaia horren burua.

Lehen bidaia hartatik gaur arte, museoak lurrun-trenetan bidaiatzeko aukera eskaintzen die bisitariei asteburuero, Aste Santutik Santu Guztien zubiraino, baita Sortzez Garbiaren zubian zehar ere. Ohiko zerbitzuez gain, Burdinbidearen Euskal Museoak taldeentzako lurrun-trenak alokatzeko aukera eskaintzen du.

Tren historikoak, datuetan
409.032 pertsonak gozatu dute azken 25 urteetan Euskotreneko Burdinbidearen Euskal Museoko tren historikoez, Azpeitia eta Lasao arteko ohiko zerbitzuetan zein berezietan.

Zerbitzuaren lehen urteko kopuru xumeak (5.675 bidaiari) laster gainditu ziren, eta harrezkero urtez urte gainditzen joan dira. 

Burdinbidearen Euskal Museoari buruz
Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren-bildumarik onenetakoa jasotzen du bere instalazioetan, mota guztietako ibilgailuekin: lurrunezko tren-makinak, diesel motordunak nahiz elektrikoak; automotorrak eta askotariko bagoiak. Era berean, Euskadiko makina-erreminten multzorik osatuenetako bat eskaintzen du, Urolako Trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bitartez, eta XIX. mendearen amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen eta munduko trenbide-erlojuen bilduma onenetako baten laginak ditu.

Museoaren instalazioak irekitzeko ordutegia honako hau da:

•    Asteartetik ostiralera: 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era.
•    Larunbatetan: 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era.
•    Igande eta jaiegunetan (astelehenetan izan ezik): 10:30etik 14:00etara.


Jendearentzako arreta
•    Helbidea: Julián Elorza kalea 8 (20730 AZPEITIA-GIPUZKOA).
•    Informazio-telefonoa: 943 15 06 77
•    Faxa: 943 15 07 46
•    Posta elektronikoa: museoa@euskotren.eus
•    Web-orria: www.euskotren.eus
 

tren de vapor