300 lagunek hartu dute parte Euskotrenek Larreinetako Funikularraren mendeurrenagatik antolatutako familientzako mendi martxan
• Adin guztietako pertsonek hartu zuten parte kirol eta aisialdi osasungarriko ekintzan
• Ekimena Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak eta Euskotrenek kultura-intereseko ondasun den garraiobide horren lehenbiziko mendeurrenaren balioa azpimarratzeko bultzatutako ekintzen programaren baitan burutu da.
Larreinetako Funikularraren mendeurrena (1926-2026) ospatzeko programak iragan asteburu honetan burutu du bere ekintzarik parte-hartzaileenetako eta ezagunenetako bat. 300 pertsona inguru elkartu ziren igandean, uztailaren 5ean, Euskotrenek antolatutako familientzako mendi martxan, festa-giroko eta belaunaldiarteko egun osasuntsuan.
Martxa baldintza klimatologiko atseginekin burutu zen, eta lortu zuen bere helburu nagusia: hiritarren eta garraiobide hori kokatuta dagoen ingurune natural eta historiko paregabearen arteko lotura sendotzea. Adin guztietako pertsonak, bai haurrak zituzten familiak bai eskarmentu handiko mendizaleak, elkartu ziren bide berean: 09:30ean Funikularraren goiko geltokitik abiatu zen 8 kilometroko ibilbide zirkularrean.
Hiru ordu inguruko ibilaldian, parte-hartzaileek zailtasun txikiko ibilbidea osatu zuten meatzaritza-ustiapenekoak izandako paisaiak zeharkatuz, gaur egun Zugaztietako Parkeko eta Trapagarango goialdeko aisiarako eremu berde handi bilakaturik.

Ibilbide amaieran, Larreinetako geltokia ospakizunaren erdigune bihurtu zen, eta partaideek bertan jan zuten hamaiketakoa elkarrekin.
Kirol eta aisialdi ekimen hau Euskotrenek, Trapagarango Udalarekin batean, 2026an zehar burutzen ari den omenaldi multzoaren baitan kokatzen da, besteak beste, Trenbidearen Euskal Museoak editatutako liburu eta komiki historikoekin eta Bizkaiko meatzaldeko memoria kolektiboa zaintzea helburu duten argazki-erakusketa eta hitzaldi teknikoen zikloekin batera.
Mende oso bat lurraldea artikulatuz
Ofizialki 1926ko irailaren 24an zabaldu zelarik, Larreinetako Funikularra meatzaritzari eta gizarteari loturiko helburu batekin jaio zen: udalerriaren goialdea, garai hartan herritik aldendua eta burdinaren erauzketa intentsibora emana guztiz, haranaren behealdeko herriguneekin lotzea. Haren diseinu bereziak, Europan bakarra zen plataforma horizontal eta guzti, hamarkada luzez erraztu zuen langileak eta merkantzia astuna garraiatzea. Eskualdea deskarbonizatu ostean, Larreineta eta Zugaztieta auzoen eguneroko konektagarritasunarentzako ezinbesteko zerbitzu publiko gisa finkatu da azpiegitura Euskotrenen kudeaketapean, baita euskal ondare industrialaren lehen mailako interesgune turistiko bilakatu ere.