Mugikortasun Jasangarriaren Sailak eta Correosek Larreinetako funikularrari eskainitako zigilu bat aurkeztu dute, Trapagaran eta Zugaztietaren eraldaketa ekonomiko eta sozialaren eragile gisa betetako ehun urteengatik
- TUSELLO Funicular de Larreineta / Larreinetako Funikularra 1926-2026 zigiluak omendu egiten du Euskotrenek operatzen duen garraiobide berezi honen lehen mendea
Mugikortasun Jasangarriaren Sailak eta Correosek legezko zigilu berri pertsonalizatu bat aurkeztu dute gaur, TUSELLO. Larreinetako funikularraren mendeurrena ospatzeko ekitaldien barruan jaulki dute, baita garraiobide honek, Europan bakarra denak, Trapagaran eta Zugaztieta inguruaren garapen ekonomiko eta sozialean izan duen balio eraldatzailea omentzeko ere.
Susana García Chueca sailburuak eta Nuria Lera Hervás Correoseko Filatelia eta Harreman Instituzionalen zuzendariak ohorezko zigilu-marka jarri dute, Miguel Ángel Gómez Viar Trapagarango alkatearekin, Miguel Ángel Páez Azpiegituren eta Mugikortasun Jasangarria sailburuordearekin; Javier Seoane Euskotreneko zuzendariarekin eta Juanjo Olaizola Trenbidearen Euskal Museoko zuzendariarekin batera. Ekitaldia funikularraren goiko geltokian egin da (Larreinetan), beheko geltokia —La Escontrilla— bisitatu ondoren. Bertan, argazki historikoen erakusketa iraunkor bat inauguratu dute, garraiobide berezi honen bilakaera balioesteko.

Larreinetako funikularra euskal industria-ondarearen ikurra da, eta 2014an ‘Kultura Intereseko Ondasun’ deklaratu zuten. Europan horrelako garraiobide bakarra da bere plataforma horizontalagatik. Bere eraikuntza-ezaugarri espezifikoek Zugaztieta eta Trapagarango meatzaritza- eta gizarte-bizitza eraldatu zuten 1926ko irailaren 24an inauguratu zenetik. Bere ehun urteko bizitzan, funikularraren erabilera aldatuz joan da, baina denboraren joanak ez du eragotzi herritarrei zerbitzu publikoa ematen jarraitzea; garai batean, meatzariak igotzeko eta burdin minerala Zugaztietako ustiategitik fabriketara garraiatzeko bitarteko gisa, eta, gaur egun, ingurua deskarbonizatu ondoren, garraiobide publiko jasangarri gisa, Euskotrenek kudeatuta, egoiliarrei joan-etorriak errazteko eta aisia eta jostetarako espazio handiak dituen berdegune bati sarbide turistikoa emateko.
“Mendeurrenaren ospakizuna funikularraren historiari egindako omenaldia da, baina baita haren gaur egungo indarrekotasunari eta etorkizuneko ibilbide bati egindakoa ere, oso kutsatzailea den ekonomia batetik (ikatzarena kasu) beste ekonomia jasangarri eta garbi batera igarotzeko adibide argi batean”, azpimarratu du Susana García Chueca sailburuak, hemendik 2050era neutraltasun klimatikoa lortzeko Europako Itun Berdearen ildotik.
“Larreinetako funikularra, 1926tik, identitatearen, ahaleginaren eta aurrerapenaren sinbolo bat da, bere historian zehar lurraldea eta belaunaldien bizitza egituratu dituen funtsezko azpiegitura bat. Bere mendeurrenaren esparruan, TUSELLO hau jaulkitzeak haren legatua eta ondare bizi gisa duen indarrekotasuna balioesten ditu. Correosetik, Filateliaren bidez, memoria kolektibo hori zaintzen eta zabaltzen laguntzen dugu, hain enblematikoa den elementu bat testigantza ukigarri bihurtuta, bere historia herritarrei hurbiltzen diena eta gure ondare kulturalaren aintzatespena indartzen duena”, nabarmendu du Nuria Lera Hervás Correoseko Filatelia eta Harreman Instituzionalen zuzendariak.
Bestalde, Miguel Ángel Gómez Viar Trapagarango alkateak eskerrak eman dizkie Correosi eta Eusko Jaurlaritzari, “gure herriaren sinbolorik ezagunena balioan jartzeko eta zigilu filateliko pertsonalizatu baten bidez Larreinetako gure funikular maiteak betetzen duen lehen mende honen arrasto historikoa uzteko”.
Bere mendeurrenaren urtean, Larreinetako funikularrak, era berean, guztiz berritutako kabinak estreinatzen ditu. Kabinen eraberritzea azken txanpan sartu da, eta helburu du bidaietan konfort eta erosotasun handiagoa ematea, bai bidaiarientzat, bai Euskotreneko pertsonalarentzat. Horrela, kalitatezko garraio publikoa eskaintzen jarraitu ahal izango da Larreineta eta Zugaztietan bizi direnentzat eta bisitarientzat, duela ehun urtetik etengabe egiten den bezala.
Hain zuzen ere, funikularraren zerbitzua lanek iraun bitartean ez eteteko, Euskotren soluzio tekniko berritzaile bat aplikatzen ari da: lantegira eraman den lehen kabinaren ordez itsas edukiontzi aldatu bat jarri da, aurrealdeko beiraduna eta erabat funtzionala den gidatze-postu batekin egokitua, ibilbidea gainbegiratu ahal izateko eta, behar izanez gero, jarduteko. Edukiontzi horrek bidaiaririk garraiatzen ez duenez, funikularrak otsailetik kabina bakarrarekin eta ordutegi aldatuarekin funtzionatzen du, aldi baterako, lanek irauten duten bitartean.
Funikularraren garrantzia 2026an zehar oroituko da ekintza sorta batekin. Ekintza horien artean, nabarmentzekoak dira liburu ilustratu bat argitaratzea —Juanjo Olaizola Euskotreneko Museoko zuzendariak koordinatuta eta Amaia Ballesteros tokiko diseinatzaileak ilustratuta—, dibulgazio-hitzaldiak, jolas- eta jai-ekitaldiak eta egungo erakusketa-guneen hobekuntza. Haur eta gazteengana iristeko asmoz, komiki bat ere argitaratuko da eta ikastetxeentzako bisita gidatuak antolatuko dira.
Zigiluaren ezaugarriak
Correosen zigiluak funikularraren irudi zaharretako bat erreproduzitzen du. Argazkian, zuri-beltzean, barruan bidaiari batzuk dituen autobus bat eramaten ikusten da. Pertsona bat lasai doa ibilgailuaren sabai gainean eserita, bere garaian ohikoa omen zen jarreran, beste batzuk plataforma gainean zutik dauden bitartean. Denak kamerari begira daude, betikotzen dituen kamerari.
Omenezko zigilu honek balioetsi egiten du ehun urte egin dituen garraiobide honen berezitasuna: pertsonak eta salgaiak garraiatzeko diseinatu zuten, eta munduan bakarra den garabi-sistema bat du, bidaiarien kabinak kentzeko aukera ematen duena, plataforma garden bat libre uzteko eta horren gainera mota guztietako ibilgailuak igo ahal izateko (zigiluaren erdiko piezan ikus daitekeenez).
Mendiko trenbide gehienak turistak gailur garaietara igo ahal izateko diseinatu zituzten, bertatik ikuspegi ederrez goza zezaten. Larreinetakoa, berriz, XX. mendearen hasieran Trapagarango goialdean bizi eta lan egiten zuten meatzari ugarien beharrei erantzuteko pentsatu zuten. Kanpoko munduarekiko bakartuta, udalerriaren erdigunera jaisteko ordu eta erdi inguru eskatzen zuen errepide bihurri baten bidez bakarrik komunikatzen ziren mundu horrekin. Bada, funikularrari esker, hamar minutu eskasean azkar eta modu seguruan joateko aukera zuten. Jaulkipen filateliko honek, hain zuzen ere, gizartearen eta ingurunearen balio eraldatzaile hori oroitarazten du.
1.179 metroko ibilbidearekin, Larreinetako funikularra Espainia osoko luzeena izan zen 75 urtez. Bere bi geltokien artean 342 metroko desnibela gainditzen du, eta % 36ra iristen diren arrapalak ditu. Sistemari egonkortasun handiagoa emateko, funikularraren diseinatzaileek 1.200 milimetroko trenbide-zabalera aukeratu zuten, garai hartan mota honetako instalazioetan ohikoa zen zabalera metrikoaren ordez.
Larreinetako funikularrak 1926ko jatorrizko instalazio ia guztiak kontserbatzen ditu: geltokiak, makineria, plataforma, zubibideak eta ibilgailuak. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak Interes Kulturaleko Ondasun deklaratu zuen 2014. urtean, gutxik bezala Euskadi modernoaren garapenaren oinarriak ezarri zituen eskualde bateko meatze-iraganaren azken lekukotza adierazgarrienetako bat izateagatik.
Filateliak formatu txikian islatzen du gizarteak garrantzitsutzat eta aintzatesteko modukotzat jotzen duen edozein elementu, eta garraiobide honen lehen mendeurrena ere mundu horren parte da dagoeneko.
Material filateliko hau Trapagarango posta-bulegoan eskuratu daiteke, baita Filatelia Zerbitzuarekin harremanetan jarrita ere (atcliente.filatelia@correos.com helbidean edo 915 197 197 telefonora deituta).
Zigiluaren ezaugarri teknikoak
Motiboa: Funicular de Larreineta / Larreinetako Funikularra 1916-2026
Jaulkipen-data: 2026ko ekainaren 15a
Inprimatze-prozedura: offset
Euskarria: autoitsasgarri fosforeszentea
Zigiluaren tamaina: 40,9 mm x 28,8 mm (horizontala)