Burdinbidearen Euskal Museoak igandean ‘Museoen Eguna’ ospatuko du tren historikoen zirkulazio bereziekin
Ofizialki ‘Museoen Nazioarteko Eguna’ gaur den arren, maiatzak 18, Euskotreneko Burdinbidearen Euskal Museoan igandean ospatuko da, aurreikusitako jarduera programaz ahalik eta jende gehienek gozatu ahal izan dezan.
Igandean, aurten ere, protagonistak tren historikoak izango dira. 11:00etan, 12:00etan eta 13:00ean zirkulazio bereziak egongo dira museoaren eta Lasaoko geltokiaren artean. Lehenengoa Compañía de Ferrocarriles Vasco-Asturianaren Alsthom 1004 diesel treneko tren-makinarekin egingo da, Tarbesen 1965ean eraikia.
12:00etan eta 13:00ean lurrunezko tren historikoak aterako dira honako tren-makinek bultzatuta, ‘Zugastieta’ -Sharp Stewartek Glasgown eraiki zuen 1888an, Zornotzatik Gernika-ra doan trenerako- eta ‘Aurrera’, Nasmyth & Wilsonek 1898an Mánchesterren eraikia Elgoibartik Donostiara doan tren-konpainiarako.
Gainera, Robert Stephensonek 1887an Orconerako meategietarako eraikitako Espinal tren-makinarekin ere egingo dira erakustaldiak. Gaur egun lurrunezko tren-makinarik zaharrena da, martxan dagoen lurrunezko tren-makinaren asmatzaileak sortutako tailerrek egina.
Azkenik, Grafton lurrun-garabia jarriko da martxan. Bedfordek eraiki zuen, 1920an, Babcock & Wilcoxentzat, eta merkataritza-zerbitzua eman zuen lantegi horretan 1997ra arte. Hori dela eta, lurrun-trakzioko azken ibilgailua izan zen Espainian merkataritza-zerbitzuan.
Burdinbidearen Euskal Museoak bere instalazioetan Europako tren-bildumarik onenetakoa erakusten du, mota guztietako ibilgailuekin: lurrunezko tren-makinak, dieselak eta elektrikoak; automotoreak eta bagoi mota desberdinak. Era berean, Euskadiko makina-erreminta multzorik osatuenetako bat eskaintzen du, Urolako Trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bidez, eta XIX. mendearen amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen eta munduko tren-erlojuen bildumarik onenetako baten laginak ditu.
Larunbatean, maiatzaren 20an, lurrunezko trenaren ohiko irteerak mantenduko dira, denboraldi erregularraren barruan. 12:00etan eta 17:30ean izango dira.
Museoaren instalazioak irekitzeko ordutegia honako hau da:
• Asteartetik ostiralera: 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era.
• Larunbatetan: 10:30etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era.
• Igande eta jaiegunetan (astelehenetan izan ezik): 10:30etatik 14:00etara.
Jendearentzako informazioa
• Helbidea: Julián Elorza kalea, 8 (20730 AZPEITIA-GIPUZKOA).
• Informazio telefonoa: 943 15 06 77
• Faxa: 943 15 07 46
• Posta elektronikoa: museoa@euskotren.eus
• Webgunea: www.euskotren.eus