Larreinetako funikularrak ohiko zerbitzua berreskuratu du

Entradilla

Larreinetako funikularrak ohiko zerbitzua berreskuratu du

Body

•    Trapagaran-Zugaztieta tartean mugikortasun jasangarria sustatzeko erakundeen arteko proiektu zabal baten ardatz nagusia den garraiobide berezi hau hobetzeko eta mantentzeko lanak amaitu ditu Euskotrenek

•    Funikularrak irudi berri bat erakutsiko du, 1985era arte zirkulatu zuen jatorrizko egurrezko kabinan oinarrituta.


Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren mendeko Euskotren Sozietate Publikoak gaur, ostirala, Larreinetako funikularraren ohiko zerbitzua berreskuratu du, bi astez instalazioa saneatu, konpondu, margotu eta doitzeko lan handiak egin ondoren. Hobetzeko lanak bukatu ondoren, eguerditik aurrera funikularrak berriro lotuko ditu La Escontrilla eta Larreinetako geltokiak.

Gaurtik aurrera, Larreinetako funikularrak -2014tik Monumentu Multzo kategoriarekin Kultur Ondasun gisa katalogatutakoak- berriro emango du zerbitzua, irudi berrituarekin -jatorrizko zurezko kabinan inspiratuta- eta bidaia erosoagoa eta lasaiagoa izango da.

Azken bi asteotan egin den esku-hartzea Trapagaran-Zugaztieta tartean mugikortasun jasangarria sustatzeko proiektu zabal baten barruan kokatzen da, Larreinetako funikularra ardatz nagusi hartuta. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Euskotrenek koordinatzen duten proiektu honek Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren eta Trapagarango Udalaren laguntza du, eta baita Larreineta-Funikularreko Auzo Elkartearen laguntza ere. 

Inplikatutako hiru erakunde publikoek Euskotrenen instalazioetan erakusketa iraunkor bat sortzen lagundu dute Larreinetako Funikularrean. Erakusketa horri esker, garraiobidearen beraren eta bailarako meatzaritzaren historia zabaldu ahal izango da. 

Bizkaiko Foru Aldundiarekin (Garraio eta Mugikortasun Iraunkorra Saila) batera, Eusko Jaurlaritzak eta Euskotrenek ere lan egin dute Trapagaran-Zugaztieta zatia zero isuriko garraio jasangarriko bektore bihurtzeko.  Escontrilla eta Zugaztietaren artean espazio karbonogabe eta mugikortasun iraunkorrekoa sortu nahi da. Horretarako, Euskotren Sozietate Publikoa izango da, garraio multimodaleko enpresa operadorea (trena, tranbia, metroa, funikularra eta autobusa).