Ekainaren 19an, astelehenean, udako ordutegiak idanrrean sartzen direnean, Durangoko trenak 3.Lineara sartuko dira

 

Euskotrenek, Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Sozietate Publikoak, tren eta metro zerbitzuen udako ordutegia jarriko du martxan astelehenean, ekainaren 19an, baita Usansoloko Ospitalera doan tren-bus zerbitzuan ere. Ekitaldi honetako berrikuntza nagusia, Durangaldeko eta Donostiako zirkulazioak zuzenean Bilbo erdialdera sartuko direla da, Euskotrenek ustiatzen duen Metroaren 3. linearen bitartez.

Uda heltzean, Euskotrenek garai horri dagokion eskaintza jarriko du martxan, udan ohikoak diren joan-etorrien beharrei erantzuteko diseinatutakoa, gainerako urtaroetan lana, erosketak edo aisia direla eta ohikoak diren bidaiak, hondartzak dauzkaten edo jaiak ospatzen dituzten herrietara egiten diren joan-etorriekin konbinatuz.

Aurten, apirilean Metroaren 3. linea zerbitzua ematen hasi ondoren, 2017ko udako eskaintzak oso gertakari garrantzitsua jasotzen du Euskotrenen historian, Durangaldetik eta Donostiatik datozen trenak Bilbo erdialdera zuzenean sartuko direlako. Ekainaren 19tik aurrera, zirkulazio horiek, Metroaren 3. linean integratuta dagoen Matikoko geltokian izango dute euren jatorria eta helmuga. Beraz, dagoeneko ez dira Boluetako eta Atxuriko geltokietan geldituko. Kukullaga/Etxebarritik 3. linea hartuko dute, eta geltokiak Otxarkoagan, Txurdinagan, Zurbaranbarrin, Zazpikaleak-Casco Viejon, Uribarrin eta Matikon izango dituzte. Zazpikaleak-Casco Viejoko geltokia izango da Metroaren 1. eta 2. lineekin lotura erraztuko duena.

Bilbo – Bermeo (Urdaibai) lineako trenek ohiko ibilbidearekin jarraituko dute, hau da, jatorria eta helmuga Atxurin izango dute.

Udako zerbitzuak ekarriko dituen beste berrikuntza batzuk hauek izango dira:


TRENA

-    Handitu egingo da trenen maiztasuna Durango – Deba tartean, herritarrak errazago hurbil daitezen Debako hondartzara. Horrez gain, Euskotrenen udako eskaintzan ohikoa denez, neguko eskaintzan baino tren gehiago sartuko dira Bilbo – Bermeo linean, Sukarrietan eta Mundakan abiatzen diren edo bertara doazen joan-etorriak erraztuz.

-    Larunbat, igande eta jaiegunetako arratsaldeetan, trenek 30 minutuz behin zirkulatuko dute Zumaia eta Donostia (Amara) artean. Euskotrenek handitu egingo du, baita ere, Topoaren lineako Irun - Donostia (Amara) tarteko maiztasuna.

-    Beste alde batetik, Gipuzkoan dagoen Elgoibarko udalerritik zirkulatzen duten tren guztiak Toletxegaineko geralekuan geratuko dira.

-    Matiko eta Kukullaga-Etxebarri artean zirkulatuko duen Metroaren 3. lineako zerbitzuaz eta larunbat gauetako zirkulazioez eta Amorebieta – Bermeo, Bilbo (Matiko) – Deba, Lasarte – Donostia – Hendaia eta Lezama – Kukullaga-Etxebarri tren zerbitzuez gain, Euskotrenek gaueko zerbitzuak eskainiko ditu ostiral gauetan Metroaren 3. linean (Matiko – Kukullaga-Etxebarri tartea), eta, ohikoa denez, baita tren zerbitzu bereziak ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietako jaiak direla eta.

-    Euskotrenek gogoratu behar du, baita ere, PASSBASK izeneko Euskotren – Frantziako Trenbideak (SNCF) titulu konbinatua dagoela, Lasarte eta Baiona artean mugarik gabeko bidaiak egin ahal izateko, bi noranzkoetan. SNCFko lineako ibilbideak tren guztiak erabiltzeko aukera ematen du (2. klasea, TGV barne), “Palombe Bleue” izenekoa izan ezik.

GASTEIZKO TRANBIA
Ekainaren 26an udako zerbitzua indarrean sartzean, Gasteizko tranbian eskola egunetako errefortzua kenduko da.

BILBOKO TRANBIA
Bilboko tranbiak ere udako ordutegia eskainiko du ekainaren 26tik, astelehenetik, aurrera. Tranbia zerbitzua 15 minutuz behingoa izango da egun osoan, lanegunetan zein asteburuetan eta jaiegunetan.

Informazio gehiago 944 333 333 telefono zenbakian, www.euskotren.eus eta @euskotrenejgv guneetan eta Euskotrenen APP ofizialean.

 





© 2001-17 Eusko Trenbideak - Ferrocarriles Vascos S.A. Ez da argitalpen honen erreprodukzio partziala edo osoa baimentzen.